"Eskerrak eman nahi dizkiogu gizarte gipuzkoarrari erakutsitako babesagatik; Elkarteak egiten duen lana ikusarazi nahi dugu; Elkarte-sentimendua indartu nahi dugu; eta, azkenik, kolaboratzaile eta lagunen sarea zabaldu nahi dugu". Horiek dira, hain zuzen, Aspace Gipuzkoako Zuzendaritza Batzordeko kide den Eneko Ziarsoloren hitzetan, bost hamarkadatan egindako bidea ospatzeko antolatu duten ekitaldi ziklorako ezarri dituzten helburuak.
Maite Peña, Gipuzkoako Gizarte politiketako diputatua, Elisa Carmona, Aspace Gipuzkoako Presidentea, eta Ziarsolo bera izan dira, garun-paralisia duten Aspaceko bi kiderekin batera, gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian egin duten aurkezpen agerraldian. 50 urte hauetan politika sozialen "protagonista" izan da elkartea Peñaren hitzetan, eta gisa honetako erakundeei esker, "Gipuzkoako gizarte-politiken eredu propioa osatzen duten babes, zaintza eta gizarte-politiken eredua daukagu".
Aspace Gipuzkoako Presidenteak adierazi duenez, pandemiak antolatzeko modua "birpentsatzera" eraman duten arren, urteurrena 2021eko urritik 2022ko urrira bitartean egiteko erabakia hartu dute. Bide horretan, datorren astelehenean, urriaren 4an, Donostiako Tabakaleran egingo den ekitaldi instituzionalarekin emango zaio hasiera ospakizun zikloari. Amaiera, aldiz, Aspace Eguna 2022 ekarte-jaiarekin egitea aurreikusten da.
Arrasate ere ospakizunaren parte
Opakizuna lurralde osora zabaldu asmoz, zentroa duten udalerrietan lantalde ezberdinak eratu dira, eta Ziarsoloren arabera, horiek izango dira urtean zehar garatuko diren jarduerak definitzen joango direnak. "Oraingoz, esan dezakegu azaroan ekitaldi bat egingo dela Arrasaten".
Aspace Gipuzkoa, datutan
Gaur egun, garuneko paralisia duten 472 pertsona artatzen ditu elkarteak, 340 profesionalen eta 126 boluntarioren laguntzarekin. Arreta beren etxeetatik ahalik eta hurbilen emateko helburuarekin, 11 udalerritan banatutako 15 zentro daude Gipuzkoan banaturik; horietako bat da, hain zuzen, Arrasatekoa.