Kafea hartzean, ibilalditxo bat ematean, mendi irteerak egitean, guraso taldeekin harremantzean... Hamaika egoera, espazio eta motibo egon litezke euskaraz aritzeko; beste hainbeste euskaraz ikasteko, edo euskaraz ikasten laguntzeko. Eta hori da, hain zuzen, Berbalagun egitasmoak eskaintzen duena: norbanakoen behar eta nahietara egokitutako euskarazko mintzapraktika taldeak sortzea.
Pasa den ikasturtean 6.800 mintzalagunetik gora aritu ziren Euskal Herrian euskara elkarbanatzen. Eta astero lasai eta eroso jende ezberdinarekin euskaraz mintzatzeko aukera izateak sortzen duen poza da, hain zuzen, aurtengo ikasturterako hautatutako leloa: MintzaPoza.
Aukera anitzak Debagoienan
Euskaraz ikasi nahi duten horiek, zein, bidelagun izanez, euskara praktikatu nahi dutenekin astero elkartzeko prest dauden boluntarioek aukera zabala dute Debagoienan. Izan ere, bailarako bost herritan dago zabalik izen-ematea. Honakoak dira, zehazki, herriak, elkarte antolatzaileak, eta harremanetarako kontaktuak:
> Aretxabaleta: Loramendi Elkartea (943 77 09 70 edo auzoko@loramendielkartea.eus)
> Arrasate: AED Elkartea (943 77 12 28 edo zaharberri@aedelkartea.eus)
> Bergara: Jardun Euskara Elkartea (943 76 36 61 edo jardunkultura@topagunea.com)
> Elgeta: Elgetan Berbetan (943 78 80 12 edo berbetan@elgeta.eus)
> Eskoriatza: Berbalagunak (943 71 46 88 edo berbalagunak@gmail.com)