- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Irailaren hasieran 300etik gorakoa zen bailarako intzidentzia-tasa, eta atzo 60tik behera kokatu zen. Zehazki, 57,09ko intzidentzia metatua du Debagoienak. Hain zuzen ere, 60tik beherako tasa izatea –eremu berdean egotea– da Osasun Sailak markatutako helburuetako bat.
Herriei erreparatuta, bi aldaketa nagusi izan dira azken orduetan. Aramaio gune laranjatik horira igaro da 202,70ko tasarekin eta Arrasate eremu berdean da 49,81eko tasarekin.
Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
83ko intzidentzia EAEn
Astebetean 115etik 83ra murriztu da Euskal Autonomia Erkidegoko tasa ere. Duela zazpi egun bailarakoa baino txikiagoa bazen ere, Debagoienak egoera hobea du momentu honetan. Zehatz esanda, 83,74ko tasa du erkidegoak; aurreko egunean baino bost puntu gutxiago. Hau da lurraldeetako bilakaera:
Azken proben emaitzei dagokienez, 6.942 test diagnostikotatik %1,4k eman du emaitza positiboa; hau da, 100 herritarrek. Lurraldeetan banatuta, 53 izan dira bizkaitarrak, 36 gipuzkoarrak, bederatzi arabarrak eta bi gainerako lurraldeetan erroldatutakoak. Horrela banatu dira positiboak adin-tarteetan:
- Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.
Bestetik, pandemiaren hedapena neurtzen duen oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) gora egin du, eta 0,89an kokatu da. Halere, 1etik behera jarraitzen du abuztuaren 18az geroztik.
Ospitaleetako okupazioak behera
Erietxeetan, datuek hobera egiten jarraitzen dute; duela astebeteko datuarekin alderatuz gero, 40 lagun gutxiago daude ingresatuta.
ZIUn, aurreko egunean baino bi pertsona gutxiago daude (39) eta aurreko astean baino hamaika gutxiago. Plantan, berriz, herenegun baino bi lagun gehiago zeuden atzo (85), eta duela astebete baino 29 gutxiago.
Pandemia aurreko egoera, Nafarroan
Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak gaur goizean jakinarazi duenez, urriaren 1etik aurrera, pandemiaren aurretiko edukierak eta ordutegiak berreskuratuko dira Nafarroan. Azken datuei lotuta, 25 kasu hauteman dira 2.026 proba egin ostean (%1,2k eman du positibo). Bestetik, 38 pertsona daude ingresatuta eta horietatik hamaika dira ZIUn daudenak.