Barañano laudiotarra da eta 48 urte ditu. Kudeaketa aurreratuan da aditua eta bere ibilbidea aholkularitzaren munduan egin du azken urteetan, batik bat hezkuntza esparruan. Orain, Arizmendi Ikastolako zuzendari gisa, eraldaketa pedagogikoarekin jarraitzea du helburu; Konfiantzaren Pedagogia marko pedagogiko propioan oinarritutako proiektu eraldatzailea aurrera eramatea.
Bost eraldaketa estrategiko
Ikastolatik ateratzen diren ikasleak zer nolakoak izan daitezen, zazpi bereizgarritan definitu dira: analitiko-kritikoa, barne-sendotasuna duena, eraldatzailea, euskalduna, hurbila-enpatikoa, kooperatiboa-autogestionarioa eta sortzailea. Hau lortzeko, bost eraldaketa estrategiko dira Barañanok hurrengo urteetan bere lan-taldearekin aurrera eramango dituenak:
1. Eraldaketa pedagogikoa: Ikasleak erdian jartzen duen marko pedagogiko propio berritzaile eta eraldatzailea eraikitzea.
2. Eraldaketa arkitektonikoa: Ikastolaren eraldaketa pedagogikoaren zerbitzura, eraikinen eraldaketa jasangarri eta eraginkorra aurrera eramatea.
3. Eraldaketa pertsonala: ikastolako partaide guztien garapen pertsonal eta profesionala sustatzea.
4. Eraldaketa organizatiboa: etengabeko hobekuntzan eta autogestioan oinarrituz, kudeaketa jasangarria eta eraldatzailea lortzea.
5. Eraldaketa soziala, kanpo eragileekin lankidetzan: beste ikastola, unibertsitate, enpresa eta gizarte eragileekin etengabeko elkarlana sustatuz, eraldaketa sozialean eragitea.