Fanny Alonso: "Algodonerari buruz gehiago dakigu erakusketa ikustera etorri direnei esker"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 27a, 14:22

Fanny Alonso erakusketako txokoetako batean.

Ekainean zabaldu zuten Kotoiaren emakumeak izeneko erakusketa Bergarako Laboratoriumen. Urriaren 10era arte egongo da zabalik, eta Bilbora eramango dute gero. Fanny Alonso erakusketako zuzendaria da.

Zer-nolako harrera izan du erakusketak?

Oso pozik nago. Harrera ona izan du. Bisitari asko gerturatu direla esan didate, eta bisita gidatuak ere makinatxo bat egin da. Hasieran aurreikusitakoak baino gehiago, azkenean. Oso pozik gaude, alde horretatik.

Interesgarria izan da Algodoneran lan egindako jende gehiago gerturatu delako, ezta?

Bai, eta aukera izan dugu testigantza gehiago jasotzeko eta ezagutzen ez genituen gauza berriak jakiteko. Erakusketan, esaterako, makina zahar bat dago. Ez genekien zehatz zertarako erabiltzen zen, eta bisitan etorritako gizonezko langile ohi batek argitu zigun kontua. Kotoia prentsatzeko makina da. Sasoi batean, antza, kotoia garestitu egin zen eta konturatu ziren busti egiten zutela gehiago pisatu zezan. Horregatik jarri zuten kotoia prentsatzeko makina. Zoragarria izan da; bisita gidatua egitekotan hasi, eta bisitariek gidariari erakustea gauzak.

Erakusketak emakumeen bizipenak ditu oinarri.

Bai, erakusketaren zutabe nagusia dira. Bergarako Algodoneran lan egindako zortzi emakumeren eta Andoaingoan lan egindako hamahiru emakumeren testigantzak ditugu jasota audio dokumentuetan. Bi fabriken historia jasota dago. Liburuak ere badaude irekiera eta itxiera datekin, izandako langile kopuruarekin, gerra dela-eta izandako gorabeherekin... Gure ekarpena bizipenak eta testigantzak lehen eskutik jasotzea izan da.

Emakumeen bizipenak ikusarazi, beraz. Nola hartu dute protagonistek?

Andoainen duela pare bat urte omenaldi ekitaldi bat egin zitzaien, eta plaka bat dago jarrita Algodonera zegoen lekuan. Bergararen kasuan ez dakit ziur aurretik ezer egin den. Kontakizunei dagokienez, gustura kontatzen dituzte garai hartako kontuak. Garai eta egoera jakin bateko emakumeak dira. Oso gazte hasten ziren Algodoneran lanean –12 -14 bat urterekin–, eta gero, familia izaten zuten. Seme-alaba asko, kasu gehienetan. Horrenbestez, fabrikako lanari etxekoa gehitzen zitzaion. Urte asko pasa dira ordutik hona, eta, halakoetan gertatzen den moduan, gauzak beste perspektiba batekin ikusten dira. Oroitzapen goxo moduan kontatzen dituzte. Gazteak ziren, beste indar bat zuten... Baina uste dugu ez zela batere bizimodu erraza izango.

Sumatu duzu berezitasunik emakume haien artean?

Beraien artean zuten eta gaur egun oraindik ere duten elkartasuna eta adiskidetasuna. Ekitaldiak egin ditugunean elkarrekin etortzen dira, eta, urte asko pasa badira ere, jarraitzen dute kontaktua mantentzen. Bergarakoen kasuan, herrikoak dira, eta batzuek elkarrengandik gertu biziko dira, baina esanguratsua egin zait kidetasun hori. Gogoan dut zortzi laguneko bisita gidatu bat egin genuela behin. Bada, zortziak ziren Algodonerako langile ohiak. Elkartu ziren erakusketa ikustera etortzeko, eta oso polita izan zen.

Bilbora doa orain erakusketa.

Bai. Bere bidea egiten jarraitzea nahi dugu. Errenterian, Eibarren, Terrassan... bazeuden ehungintza fabrikak, eta interesgarria litzateke gerturatzea. Dena den, hurrengo geldialdia Bilbo da. Hain zuzen ere, Zorrotzaurreko La Terminal aretoan zabalduko dugu erakusketa, urriaren 14an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak