Zigorra 'leundu' egin diote Leintz Arizmendiri

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 25a, 11:00

Lide Zubiaga, Mariñoren kontrako partiduan, defentsa gainditzen.

Pandemia egoeran futbolean ez jokatzeko erabakia hartu izana garesti ordaindu dute Leintz Arizmendiko neskek. Mailaz jaitsita eta zigor ekonomikoa ordainduta, orain, Euskadiko Federazioak aho batez onartu du mailaz igo ahal izango.

Iaz azaroan Leintz Arizmendiko neskek hartutako erabakia garesti ordaindu dute. Euskal Ligara igo berri zeuden, pandemiagatik Euskal Herriko herri asko egoera gorrian zeudenean Jaurlaritzak euren txapelketa hastea baimendu zuen, kategoria erdi-profesionalen multzo barruan sartuta. Taldearen eta jokalarien baldintzak, noski, oso urrun zeuden profesionalismotik eta ez zituzten klub handiagoek izan ditzaketen baliabideak. Hala, ziurgabetasun egoera horretan debagoiendarrek ez jokatzea erabaki zuten, eta araudia aplikatuta Euskadiko Federazioak zigorra jarri zien: kategoria galdu, 760 euroko isun ekonomikoa eta beste urtebetez mailaz ez igotzeko zigorra, hain zuzen ere.

Aho batez hartutako erabakia

Zigorraren azken puntu hori kentzeko lanean ibili da Gipuzkoako Federazioa, eta joan den asteburuan jakin zen berria: Euskadiko Federazioak aho batez onartu du zigorra leuntzea: mailaz igo ahal izango dira.

 

Ainhoa Iturrioz: "Duela urtebete hartutako erabakia berdin hartuko genuke orain ere"

Euskadiko Federazioak hartutako erabakia jakin berri egin zuten salto Leintz Arizmendiko neskek domekan Mojategiko zelaira.

Albiste pozgarria, zalantza barik, asteburuan jaso duzuena.

Urtzi Amiano: Pentsa, partidu aurretik jakin zuten jokalariek, eta 3-1 irabazi zioten Mariño taldeari. Motibatuta irten ziren. Eskerrak eman behar dizkiogu Gipuzkoako Federazioari, badakigulako zigor hau kentzeko lanean ibili dela.

Izan ere, urte oso bat jokatzen ibiltzea, jakinda gauzak ondo eginda ere ez zinetela mailaz igoko...

Ainhoa Iturrioz: Garbi dago jokalarion motibazioan horrek eragina izan behar zuela. Hala ere, urtebetez futbolean jokatu barik egon eta gero taldearen helburua gehiago zen formakuntzarena, taldea ostera egitea, gure arteko harremanak sendotzea...

Urtebete atzera egingo bagenu, berriz ere erabaki berbera hartuko zenukete?

A.I.: Bai, ez jokatzeko erabakia hartuko genuke orain ere. Ez geunden jokatzeko moduan, egoera ez zen batere ona eta ziurgabetasun handia zegoen. Asko kosta zitzaigun erabaki hura hartzea, baina Arrasate, esaterako, egoera gorrian zegoen. Ez genuen uste batera eta bestera ibiltzea egokia zenik, eta kutsatzeak ekidin gura genituen.

Mailaz igotzearen debekua kendu izana eraginkorra izan daiteke? Alegia, mailaz igotzeko borrokan ibil daiteke Leintz Arizmendi?

A.I.: Garbi dago penatuta geratu garela Euskal Ligan jokatu ez dugulako, amets polita zen hura eta arantza barruan geratu zitzaigun. Eta orain ez dugu baztertuko mailaz igotzea; goiz da ezer aurreratzeko, baina gogotik egingo dugu lan aurrean ibiltzeko.

Zigor kontuak alde batera utzita. Urtzi, egonkortzen dabilen proiektua da Leintz Arizmendi?

U.A.: Bai. Badira urte batzuk Arizmendik UDArekin eta Mondrarekin indarrak batu zituela, eta azken urteotan Aloña Mendi batu da proiektura. Hori oso pozgarria da, bailarako neskek badakite non jokatu dezaketen futbolean. Goiko taldearen emaitzak positiboak dira, behekoendako erreferente direlako. Baina, esaterako, infantil mailan 40 neskak eman dute aurten izena, eta horrek pozten gaitu gu. Hori da benetako helburua, neska guztiei aukera ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak