Tropa frankistek askotariko biktimak eragin zituzten Debagoienean –eraildakoak, desagertutakoak edo bortxatuak izan zirenak–, eta, urteek aurrera egin arren, haien senideek justizia eta erreparazio gosez jarraitzen dute.
Hala, tropa frankistak bailarara heldu zirela 85 urte betetzen diren egunean, aitortza ekitaldia egingo diete biktima haiei. Arrasateko Arizmendiarrieta plazan egingo dute, domekan, 12:00etan, eta herriz herri etorritako biktima horien oinordekoak izango dira protagonista. Artikulu amaiera aldean dauden bederatzi argazkien atzean dagoen istorio lazgarria kontatuko dute –erailketak, erbesteratzeak, bortxaketak edo haur txiki zirela umezurtz geratutakoak–, eta herritarren eta ordezkari instituzionalen babesa jasoko dute.
Ekitaldia Intxorta 1937 elkartekoek antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gogora Institutuarekin elkarlanean, eta bailarako herrietako alkateen parte hartze zabala egongo da. Horrez gain, Haizea eta Oihana Arana bertsolariek, Arrostaitz dantza taldeak, trikitilariek, txistulariek, Goikobalu abesbatzak eta Txorbela Otxoteak hartuko dute ekitaldian parte, eta, urtero legez, krabelin eskaintza egingo dute.
Gatzagako testigantza
Argazkietako bederatzi kasuetako batzuk ezagunak ziren aurretik, baina, adibidez, Pili Elkorobarrutiak kontatuko duen Gatzagako lagun batzuen kasua duela gutxi heldu da Intxorta 1937 elkartekoen eskuetara. Hala kontatu du Elkorobarrutiak bi zenbakidun argazkiaren atzean dagoen errealitate gogorra.
"Argazkian bost lagun azaltzen dira: horietatik bi ziur dakigu erail egin zituztela; beste bat desagertu egin zen eta inork ez du haren berririk izan, eta beste bi bizirik irten ziren. Bizirik irten ziren horien artean nire aita zegoen. Tropak sartu eta egun gutxira, euren artean hitz egin zuten zer egin jakiteko. Abertzaleak ziren, eta errepresioa jasateko beldur ziren. Arriskurik gabeko sarekada bat gerta zitekeen abisua jaso zutenean, aitak eta Etxabek mendira alde egitea erabaki zuten, eta gainontzeko hirurak herrian geratu ziren. Handik gutxira gertatu zen sarekada, eta gainontzeko hiru lagunak bertan erail zituzten".
Ihes egin eta gero, irailaren 29an preso hartu zituzten Elkorobarrutia eta Etxabe, Untzillan. Epaiketan 20 urteko zigorra jaso zuten, eta, guztira, lau urtez egon ziren preso. "Dakigun apurra aitaren arrebek kontatua izan da, aitak ez baitzuen honi buruz sekula ezer kontatzen. Behin galdetu genion horri buruz, goxo-goxo galdetu ere, eta aitak malko artean kontatutakoa entzun ostean ez genion inoiz berriz galdetu. Kartzelan zeudela, langileen giltza hotsa entzuten bazuten gauez, biharamunean presoren bat falta izaten zela kontatu zigun".
Anttoni Telleriaren kasua
Gerrak utzitako istorio lazgarrienen artean, ezbairik gabe, Anttoni Telleria elgetarrarena dago. Intxorta elkartekoen lanari esker haren testigantza bideo bidez jasota geratu zen 2003an, eta, gaur egun bizirik ez dagoen arren, domekako ekitaldian haren testigantza bideo formatuan proiektatuko dute. Izan ere, frankistak etxera sartu zitzaizkionean bera bortxatzeko asmoa azaldu zuten, aita eta ama aurrean zirela, eta biek galdu zuten bizia alaba defenditzeagatik: "Aitari tiroa jo zioten buruan. Odolustutzera zihoanez, eskua buruan jarri nion; bigarrenez tirokatu zioten burua, eta nire eskuko atzamarrak birrindu zizkidaten. Amari, berriz, kulata-kolpeka apurtu zioten burua; ez zuen kontzientzia berreskuratu, eta handik hamar egunera hil zen. Bortxatzaileek ikusi zuten onera ezin izango zutela ezer egin, eta txarrean egin zuten dena: hiketak, bortxaketa eta dena".
Sarraskiaren datu zehatzak
Frankistek Debagoienean eragindako kaltea sakon aztertu izan dute Intxorta 1937 memoria elkartekoek. Nabarmendu dutenez, eraildako biktima gehienak zibilak izan ziren, tropak sartu aurretik 5.000 lagun inguruk egin zuten-eta Bizkaia aldera ihes: "1936ko irailean, kolpistak Debagoienera sartu zirenean, aurrean aurkitu zituzten etsaiak pertsona zibilak ziren, eta haiek erailtzen eta desagerrarazten hasi ziren: Osintxu eta Angiozar auzoak Bergaran, Gatzaga, Marin auzoa Eskoriatzan, Oñati, Arrasate… 1936ko urria eta azaroa bitartean 67 debagoiendar zibil erail zituzten, epaitu gabe".
Elkartekoen ikerketen arabera, 1.200 debagoiendar aritu ziren frontean borrokan eta horietatik 313 hil egin zituzten. Gainontzeko 887ak espetxeratuak izan ziren. Horietatik 128k Frantziara ihes egiten lortu zuten eta bertako kontzentrazio-eremuetan sartu zituzten. Espainian preso egon ziren 48 laguni heriotza-zigorra ezarri zieten, eta horietako hamazazpi fusilatuak izan ziren. Tropa frankistek bestelako errepresio mota batzuk ere jasan zituztela azaldu dute Intxortako 1937 elkartekoek: "1.000 pertsona, gehienak emakumeak eta umeak, erbestera joan ziren; hamazortzi emakume ilea moztera eta errizino olioa edatera behartu zituzten eta haietako hiru bortxatu egin zituzten; 44 lagunek maisu-maistren zigorrak bizi izan zituzten; 435 laguni isun ekonomikoak jarri zizkieten; eta 607 lagun, berriz, Union Cerrajera lantegitik kaleratuak izan ziren".
Bederatzi istorio lazgarri
Emeteri Aranburuzabala:
Marin auzoan bizi zen bere senarra eta zortzi seme alabekin. Atxilotua eta epaitu gabe. Ondarretako espetxetik Hernaniko kanposantura eraman eta erail zuten.
Boskote gatzagarra
Goian: Benigno Elkorobarrutia, Jose Salterain, eta Valentin Lamarain. Behean: Nicolas Etxabe eta Lopez de Letona. Gatzagarrak guztiak, eta soilik Elkorobarrutiak eta Etxabek lortu zuten bizirik irtetea.
Esteban Aranguren:
Esteban Aranguren, goitik bigarrena, Frantziatik itzultzean bigarrenez atxilotu zuten antzuolarra
Jose Antonio Urionabarrenetxea:
Oiartzunen eraildako arrasatearra, emaztea eta lau seme-alaba zituen.
Jose Maria Azkarraga 'Lurgorri':
Gudarien gerra komisario izan zen, eta Derioko hilerrian erail zuten.
Maria Asuncion Urbeloa eta Antonio Galdos:
Galdos Ormaitzegin erail zuten, eta Urbeloa handik lau urtera hil zen lau urteko alaba umezurtz utzita.
Jose Maria Etxebarrieta:
Durangon erail zuten aretxabaletarra, eta emazte eta seme-alabak erbestera joan ziren.
Francisca Lamarain eta Pedro Telleria elgetarrak:
Elgetan erail zituzten alaba Anttoni bortxatzea eragozteagatik.
Farraz Laskurain familia bergararra:
Erbestera joan ziren, eta aita preso hartu zuten handik itzultzean.