Irailaren 21ean da Alzheimerraren Nazioarteko Eguna; data berezia al da zuentzat?
Egun horren bueltan, gaur hasi eta azaroaren 10era arte iraungo duen egitaraua antolatu dugu Gipuzkoan. Gaia gizarteratzeko baliatuko ditugu ekintzok; gaixotasun hauek oraindik oso estigmatizatuta daude, familia askotan etxeko giroan baino ez baitira eramaten. Beraz, gure lan handienetako bat normalizazioa da, eta horretarako garrantzitsua da ekitaldiak egin eta formakuntzak eskaintzea. Urriaren 5ean, adibidez, Arrasateko Kulturate aretoan egingo dugu hitzaldia, lehen pertsonako bizipenen berri emateko.
Zein izango da ekintzarik esanguratsuena?
Irailaren 25ean egingo dugun zortzigarren giza kate solidarioa. Kontxako barandan izango da, 12:00etatik 12:20ra.
Aurten, gainera, 30 urte beteko ditu elkarteak.
Hala da. Afagi senitarteko batzuk elkarren artean hitz egiten hastearen ondorioz sortu zen. Elkarte honek Gipuzkoa mailan jarduten du, eta, egoitza nagusia Donostian dagoen arren, eskualde guztietan dugu presentzia, balioa ematen diogulako pazientearengana gu joateari, eta ez alderantziz.
Ze zerbitzu eskaintzen dituzue?
Lau ataletan banatuta, alde batetik, laguntza psikosoziala ematen dugu, gaixotasun kognitiboak dituzten pertsonak eta haien senideak aholkatzeko. Kasu batzuetan, laguntza psikologikoa ere eskaintzen diegu familiako pertsona zaintzaileei. Gainera, hasiak gara diagnosia daukan pertsonari ere banakako laguntza psikologikoa eskaintzen. Azkenik, estimulazio kognitiboa deritzona dago, gaitasun eta funtzio kognitiboen funtzionamendu eraginkorra lortzeko tekniketan oinarritzen dena.
Zein da gehien jasotzen duzuen profila?
Pazienteen %95etik gora 65 urtetik gorakoak dira. Eta, adin-tarte horren barruan, emakume gehiago jasotzen ditugu gizonezkoak baino, hein batean, bizi-itxaropen handiagoa dutelako.
Ze aurrerapen egin dira gaixotasunak arintzeko garaian?
Duela 30 urtetik hona, diagnostiko geroz eta goiztiarragoak egiten dira gaur egun. Tratamendu ez-farmakologikoen arloan –tailerrak, ariketak, prebentzioa...– ere hobekuntzak egin dira. Guk diziplinen arteko lanketa defendatzen dugu: medikuek, neurologoek... Esku hartze jarraitua egitea, alegia.
Alzheimerra sendatzeko aukerarik ikusten al duzu?
Badaude argitalpen itxaropentsuak, baina, ziur aski, sendatu baino gehiago, horrekin bizitzen ikasi eta bizi kalitatea hobetzea da lortu beharrekoa; hau da, pertsonaren mantenua bilatzen duten terapiak eskurago izatea.
Zer da zure lanbidetik gustukoen duzuna?
Psikologiako karrerako praktikak Afagin egin nituen eta ordutik bertan egiten dut lan. Gure aitonaren kasuak bultzatu ninduen, nolabait, esparru honetan espezializatzera. Bizipen hartatik asko ikasi nuen. Polita da gaixoa den pertsonari ematen dizkiozun aholkuak baliagarri zaizkiola frogatzea; hori da, zalantza gabe, gehien betetzen nauena.