Sei kasu berri atzeman dira bailaran eta heriotza bat erregistratu da

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 15a, 12:47

Hiru positibo baieztatu dira Arrasaten eta bana Antzuola, Bergara eta Oñatin. Hala, intzidentzia-tasa 185era jaitsi da Debagoienean, eta Eskoriatzak eremu gorria atzean uztea lortu du. Bestetik, Arrasaten lagun bat zendu da aste honetan, gaitzaren eraginez.

Osasun Sailak herrietako positibo metatuak doitu ditu eguaztenero bezala; bailaran, kasu bat gutxiago dago Aretxabaletako positiboetan eta bat gehiago Eskoriatzakoetan.

Horrela daude orain Debagoieneko datuak:

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Eskoriatza eremu gorritik kanpo

Azken datuaren arabera, 185,15eko intzidentzia-tasa du Debagoienak –aurreko astean baino 49 puntu gutxiago eta aurreko egunean baino hamalau gutxiago–.

Herrietako tasei erreparatuta, Eskoriatzan jarri behar da arreta. Abuztutik egon da 400etik gorako tasarekin –eta hortaz, eremu gorrian–, eta atzo 316,84ra jaitsi zuen tasa. Hala, momentu honetan, Aramaio da eskualdeko "herri gorri" bakarra; baina esan behar da, azken orduetan, 800etik 675era jaitsi duela intzidentzia.

Herrietako datu guztiak daude eguneratuta ondorengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotza bat Arrasaten

Hilaren 6tik 12ra, 36 lagun zendu dira EAEn koronabirusaren eraginez –aurreko astean baino hamabi gehiago–, eta horietako bat debagoiendarra izan da; Arrasatekoa, hain zuzen ere. Datuak aztertuta, pandemia hasi zenetik, 175 heriotza erregistratu dira bailaran; horietatik 88, Arrasaten. Gainerako herrietako datuak goiko mapan daude.

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, 5.903 lagun hil dira koronabirusa harrapatuta (4.669 EAEn eta 1.234 Nafarroan).

Beheko grafikoan EAEko heriotzen datuak ageri dira, adin-tarteetan banatuta:

Intzidentzia 150etik gertu EAEn

Azken orduetan hamar puntu egin ditu behera intzidentzia-tasak EAEn, eta Osasun Sailak markatutako helburutik gertuago dago erkidegoa: 155,52ko tasa du –orain dela zazpi egun 223,39koa zen–.  Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko koordinatzaileak duela astebete, irailaren 8an, esan zuen "epe laburrerako helburua" intzidentzia 150etik behera kokatzea zela.

Lurraldeei dagozkien intzidentziak eta adinen arabera banatutakoak daude adierazita hurrengo bi grafikoetan:

Positibo berriei lotuta, EAEn 6.510 proba egin ziren atzo eta %3k eman du emaitza positiboa. 102 kasu baieztatu dira Bizkaian, 70 Gipuzkoan, 30 Araban eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Hots, guztira, 195 kasu berri hauteman dira. R0 datuak, bestalde, behera egin du eta 0,83koa da.

Ospitaleei erreparatuta, okupazioak behera egiten jarraitu zuen atzo. ZIUn lagun bat gutxiago dago (53) eta plantan bost gutxiago (161). Alderaketa eginda, duela astebete baino 40 ospitaleratu gutxiago daude EAEn –zazpi gutxiago ZIUn–.

45 kasu Nafarroan

1.555 PCR eta antigeno proba egin ostean, 45 positibo baieztatu dituzte Nafarroan; hau da, proben %2,9k eman du emaitza positiboa. Ospitaleetan, 61 lagun daude erietxeetan; horietatik hamabost, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak