Xabiroi komiki aldizkaria ezagutzen dutenek ondo dakite Sasi artean Elgeta zer den. Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen aldizkarian 2019ko ekainean estreinatu zuten izen bereko saila. Ordutik, bi urteotan atalka plazaratu dute Elgetako Intxuzabal baserriko Jacinto Rivas trikitilariaren ibilerak komiki formatuan jasotzen dituen lana.
Udaberrian argitaratu zuten azken atala Xabiroi aldizkarian, eta irakurleek laster izango dute esku artean atal guztiak batzen dituen komiki-album osoa. Zazpi atal izan ditu Sasi artean Elgeta sailak, eta 46 orriko komiki-albumean jasoko dituzte guztiak. Koldo Izagirrek sortu du gidoia, Dani Fanok egin ditu marrazkiak eta Garluk Agirrek eman dio kolorea.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin elkarlanean burututako proiektua da, eta hasieratik jakinarazi zuen Xabiroi aldizkariko koordinatzaile eta ilustratzaile Dani Fanok denborarekin komiki-albuma ere kaleratuko zutela. Eta iritsi da unea. Komiki-albuma aurreko astean sartu da inprentan. Gauzak ondo bidean asmoa da urri hasieran Getxon egitekoa den komiki azokan eskuragarri egotea. Aurkezpena, berriz, irailaren 29rako iragarri dute.
Soinu txikiaren maisua
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak proposatu zion Xabiroi aldizkariari Jacinto Rivas Elgeta-ren figura gero album bihurtuko zen sail bat martxan jartzeko. Eta horrela izan da.
Koldo Izagirrek eginda zeukan Elgeta-ri buruzko biografia Elgeta, sasiaren sustraiak izenburupean, eta abiapuntua izan da. Elgeta-ren bizitza ezagutzeak gerra aurreko eta osteko garaietara gerturatzeko aukera ere ematen du. Umezurtza zen eta Intxuzabal baserrian hartu zuten.
Ez zituen baserriko lanak maite, eta trikitiarekin hasi zen. Eibarren garatu zuen bere kontzientzia politikoa. Sozialista zen. Gerra eta kartzela ere ezagutu zituen, eta beti ibili zen boteretik urrun zegoen esparruetan. Akaso horregatik dago hain informazio gutxi, baina esan daiteke trikitilari belaunaldi oso baten maisu izan zela. Baserriz baserri ibili zen eskolak ematen, eta hori izan zuen bizimodu. Trikitia bera hobetu zuen, eta errepertorioa nabarmen aberastu zuen.