Irailak 11

Hogei urte mundua hankaz gora jarri zuen atentatutik

Xabi Gorostidi 2021ko ira. 11a, 08:00

Dorre Bikiak kez josita, guztiz erori aurretik. (Argazkia: Michael Moran, Flickr)

Gaur, zapatua, bi hamarkada betetzen dira New Yorkeko Dorre Bikiak erori eta AEBetako ekonomiaren eta segurtasunaren ikurrak erasotu zituztenetik. Bahitutako hegazkinekin egindako eraso kamikazeak sarraski historikoa eragin zuen. 

Irailaren 11. 2001. urtea. New York. Manhattan. Martitzena. 09:00ak jotzear eta milaka lagun zeuden hiriko ikur ziren Dorre Bikietako bulegoetan lanean. Eta, bat-batean, hegazkin batek hegoaldeko Dorre Bikia kolpatu zuen, 80. solairuaren parean. Kea eta izua nonahi zabaltzen hasi ziren, eta mundua New Yorkera begira jarri zen.

Baina lehen hegazkinarena hasiera besterik ez zen izan. Handik 18 minutura bigarren hegazkin batek beste Dorre Bikia kolpatu zuen, eta bost kontinenteetako milioika lagunek zuzen-zuzenean ikusi zuten. Handik 43 minutura hirugarren hegazkin batek Washingtongo Pentagonoa kolpatu zuen, AEBen Defentsa Departamentuaren egoitza eta sinboloa dena.

Handik gutxira, bi Dorre Bikiak goitik behera erori ziren, eta bertako lagunak bizirik ateratzeko esperantza izpi apurrak indargabetu.

Iltzatutako oroitzapenak

"Oso ondo gogoratzen dut lehen irudia. Dorreetako lehena sutan ageri zen irudia, hain zuzen. Eta lehen uneetako harridura ere oso ondo gogoratzen dut. Ez ziren bakarrik Dorre Bikiak, Pentagonoa, amerikar armadak leherrarazi zuen beste hegazkina, ustez Kapitolioa erasotzeko asmoa zuena... Zientzia fikzioa zirudien, amerikar jatorriko pelikula beliko horietako ikusten egotearen sentsazioa nuen. Sinestezina zen", azaldu du Juanjo San Miguelek, Euskadi Irratiko nazioarteko albisteekin lan egiten zuen kazetariak.

Juanjo San Miguel: "Mendebaldea bere ahuldadeaz ohartu zen egun hartan"

Dabid Lazkanoiturburu kazetari oñatiarrak Gara egunkariko nazioarteko sailean egiten zuen lan, eta jai izan arren gogor lan egitea tokatu zitzaion egun historiko hartan. "Lehen opor eguna nuen, udan lanean egon ostean. Baina bigarren hegazkinaren berri izan bezain pronto, inork deitu gabe, erredakziora itzuli nintzen. Oso lanegun gogorra izan zen, baina arrastoa uzten duten horietakoa ere bai. Zalantza asko genituen, baina egiletzaren susmoa nahiko argi genuen eta teoria konspiratzaileak baztertu genituen. Ez dut ahaztuko Kirol Saileko arduradun zen Juan Carlos Elorza oñatiarrak hartu zuela koordinazio orokorra, eta sekulako lana egin zuen. Jada ez dago gure artean, eta bihoakio aitortza txiki hau".

Mugarri historikoa

Juanjo San Miguelen ustez, bizi dugun mendearen hasiera ekarri zuen gertakari hark: "Esango nuke azken hamarkadetan lau mugarri historiko garrantzitsu gertatu direla, mundua aldatzera heldu direnak. Oso ondo gogoratzen dut nola aldatu zuen mundua 1989an Berlingo harresia bota izanak; ostean, 2001eko New Yorkeko atentatuak; 2008ko krisi ekonomikoak ere bai; eta, azkena, nola ez, 2020ko COVID-19aren pandemia. Bakoitzak bere erara aldatu du mundua, baina, nire ustez, 2001eko atentatu hark XXI. mendearen hasiera ekarri zuen".

New Yorkeko suhiltzaile bat errefortzu esker, atentatu egunean. (Argazkia: US Goverment)

Kamikazeen eraginkortasuna

"Eraso kamikazeen eraginkortasunak bazituen aurrekari historikoak. Japoniar inperioaren kamikazeak eta Vietnamgo vietkong-ak dira garbienak, akaso. Martir izateko filosofiaren eraginez, norbait bere buruaz beste egiteko prest dagoen unean sekulako sarraskia eragin dezake, aurrean munduko armadarik sofistikatuena eduki arren. Eta horren froga garbia izan zen New Yorkekoa, eta ostean etorri diren beste hainbat atentatu ere. Horietako asko Europan gertatu dira, Frantzian, batez ere, baina baita Espainiako Estatuan ere: Madrilgo trenen erasoa, 2004an; edo Bartzelonako Rambletakoa, 2017an", dio Lazkanoiturburuk.

Dabid Lazkanoiturburu: "Barregarri geratzeko moduan egin dute alde Afganistandik AEB-ek"

Zera dio horri buruz San Miguelek: "Harridura izan zen nagusi; batez ere, hegazkinak izan zirelako atentatua gauzatzeko erabilitako arma. Atentatu haren eraginez, AEBek eta mendebaldea hitzarekin ezagutzen dugun horrek guztiorrek ere bere ahuldadearen kontzientzia hartu zuten. Inongo arma sofistikaturik eta teknologikorik erabili gabe gauzatu zuten atentatua, eta horrek sekulako babes falta eragin zuen gizartean".

Segurtasun neurrien zorroztea

Babes falta hura nolabait estaltzeko, segurtasun neurrien "berehalako gorakada" ekarri zuen atentatuak.

"Hari erantzunez etorri ziren denok pairatu ditugun segurtasun neurriak. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko lehia moduko bat ekarri zuen, eta aldaketak ekarri zituen legeekin eta oinarrizko eskubideekin lotuta. Horri gehitu munduan zehar hegazkinez bidaiatzeko sorrarazi zuen beldurra", dio San Miguelek.

Antzerako gogoeta egiten du Lazkanoiturburuk ere: "Segurokrazia izugarri bultzatu zuten AEBek, eta, hari jarraiki, baita Europak ere. Ez hori bakarrik: terrorismoaren aurka egiteko aitzakiarekin sekulako sarraskiak egiteko baliatu zuten".

Ondorio militarrak

Arlo horretan eragin nabaria izan zuela diote bi kazetariek: "Alde batetik, gerra egiteko modua aldatu zuen. Ordura arteko gerrak armada armadaren kontra formatuan gertatzen ziren, eta handik aurrera talde erregularren aurkako gerrak egin izan dira gehiago. Horren adibide dira: Afganistango inbasioa, Irak, Siria... Eta islamiar terrorismo deritzonaren gorakada ekarri zuen, ostean atentatu kamikaze ugari egon dira-eta", adierazi du San Miguelek.

"Gaur egun gerrak irabaztea oso zaila da, eta horren adibide dira Irak eta Afganistan; ez duzu galtzen, baina galtzea bezala da. Hogei urte pasa dira Afganistan utzi duten arte, eta barregarri geratzeko moduan egin dute ihes", dio Lazkanoiturburuk.

Nola oroitzen dute egun hura debagoiendarrek?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak