Bi kasu atzeman dira Aretxabaletan eta bat Bergaran

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 10a, 12:51

Guztira hiru izan dira azken probek bailaran baieztatu dituzten positiboak. Hiru kasu atzeman ziren azkenengo aldia abuztuaren 16a izan zen, eta horren aurretik, uztailaren 4a. Kasuek behera egiten jarraitzen dute bailaran eta intzidentzia 232,99ra jatisi da.

 

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Egun batetik bestera hamalau puntu egin ditu behera Debagoieneko intzidentzia-tasak: 232,99koa izan zen atzo. Herriei erreparatuta, behera egiten jarraitzen dute tasek, oro har; atzo, baina, Aretxabaletakoak apur bat gora egin zuen, erregistratu zituen bi kasuen ondorioz.

Hurrengo mapan daude herrietako datu guztiak:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

200etik beherako tasa

Beheranzko joerari eutsita, beste hamahiru puntu egin ditu behera Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasak, eta 200etik behera kokatzea lortu du: 196,57koa da –duela astebete baino 90 puntu gutxiago ditu–. Lurraldeen grafikoari erreparatuta, honakoa da egoera:

Positiboei dagokienez, 4.318 PCR eta proba diagnostiko egin ostean, 221 kasu baieztatu dira: 124 Bizkaian, 67 Gipuzkoan, 28 Araban eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuak ere behera egiten jarraitzen du eta 0,76an kokatu da – 2020ko abendutik erregistratu den datu txikiena–:

EAEko erietxeetan, 239 pertsona daude ingresatuta; aurreko astean baino 39 gutxiago, eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean ere aldea igarri da aste batetik bestera: 58 daude –aurreko astean baino hamahiru gutxiago–.

Labi, datorren egubakoitzean

Ospitaleetako okupazioaren beherakada eta gainerako adierazleen bilakaera ikusita, lehendakariak hilaren 17rako deitu du Aholku Batzordearen hurrengo bilera. Sagarduik eta Zupiriak aste honetan egin dituzten aurrerapenetan oinarrituta, litekeena da Labik neurriak malgutzea.

Jonan Fernandez batzorde teknikoko koordinatzaileak ere erkidegoa inflexio-puntu baten aurrean egon daitekeela azaldu du asteon: "Aztertu egin beharko dugu ea gaixotasunak zein puntutan utziko dion gizartearen funtzionamenduari eragiteari".

Nafarroan, kasuak erdira

1.308 proba egin ostean, 48 kasu baieztatu dira Nafarroan; testen %3,7k eman du emaitza positiboa. Ia erdira murriztu dira kasuak egun batean. Bestetik, erietxeetan 67 lagun daude ingresatuta eta horietatik 22 daude ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak