Egunerokotasunera itzuli dira ikastetxeak, zenbait berrikuntza tarteko

Hasier Larrea 2021ko ira. 10a, 09:35

Herenegungo lehen eskolen ostean, Antzuolako eskolako ikasleak bazkaltzera bidean, atzean eraikin berria dagoela.

Bailarako hezkuntza zentro guztietan ekin diote ikasturte berriari jada, egun desberdinetan izan bada ere. Eraikinetan obra ugari egin dituzte; denen artean aipagarriena, 300 metro koadroko azalera duen Antzuolako Herri Eskolakoa.

Aste berezia bizi izan dute De-bagoieneko hezkuntza zentroetako irakasle zein ikasleek. Lehen eskola egunek beti pizten dituzte neska-mutilengan sentimendu gazi-gozoak, oporrak amaitu direla esan nahi duelako, batetik, eta lagun askorekin berriz elkartuko direlako, bestetik. Hezitzaileen ardura izaten da, lehen egunetan, urduritasunak baretu eta ikasturte berriaren nondik norakoak azaltzea.

Tokian tokiko irekierak

2021/22 ikasturteari ongietorria ematen lehenak Bergarako Aranzadi ikastolako eta Mariaren Lagundia ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak izan ziren, astelehen goizean. Oñatiko Urgain eskola publikoko Txiki Txoko haur eskolak ere orduan ireki zituen ateak.

Lehen eskola eguna asteazkena, hilak 8, izatea erabaki zuten bailarako herrietako ikastola eta herri eskola gehienetan. Salbuespenak ere izan ziren: Oñatiko Txantxiku ikastolan martitzenean izan zuten aurkezpen eguna, atzo Arantzazuko Ama Birjinaren eguna zela-eta jai hartu baitzuten. Eskoriatzako Luis Ezeiza herri eskolan atzo izan zen hasiera eguna. Maitane Gomez de Segura irakasleak aipatu du irailaren 8an Leintz Gatzagan jaieguna zutelako hasi zirela egun bat geroago, "Gatzagako zenbait gazte Eskoriatzako ikastetxera joaten dira-eta ikastera".

HEZKUNTZA-ZENTRO GEHIENEK ASTEAZKENEAN EMAN ZIOTEN HASIERA KURTSO BERRIARI

Berrikuntzak eraikinetan

Aurtengo uda hezkuntza-zentroetan egokitzapen lanak egiteko aprobetxatu dute zenbait ikastetxek. Luis Ezeizan bertan, adibidez, teilatua konpontzen aritu dira, eta gutxi falta zaie langileei konponketak amaitzeko. Hori ez ezik, jolastokiko kantxako lurzorua ere moldatzen ari dira, lehen zeuden zuloak estaltze aldera. Lur horretako marrak margotuko dituzte ondoren, eta "hutsik dauden espazioak zazpi jolas" marrazteko aprobetxatuko dutela aurreratu du Gomez de Segurak.

Obrak egiten ari diren beste eraikin bat Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako Haur Hezkuntzako gunea da. Urria eta azaroa artean lanak amaitzea aurreikusita dagoela aipatu du bertako zuzendari Mikel Uribarrenek: "Espazio goxoagoa, erosoagoa eta argiagoa izango da, zoru erradiatzailearekin eta leiho berriekin, berotasuna mantentzeko; funtzio askotariko gelak ere edukiko ditugu, ikasleak une-oro hezitzaileon begiradapean egotea ahalbidetuz".

Erosotasuna, horixe bera eskainiko die Antzuolako Herri Eskolako eraikin berriak bertako erabiltzaile guztiei. Duela urte batzuk sortutako espazio gehiagoren premia "pixka bat berandu" ase dutela onartu arren, Silvia Ezpeleta zuzendaria eta Maitane Olasolo ikasketa-burua "oso pozik" agertu dira 300 metro koadroko eraikin modernoa estreinatu berritan. Hiru urte pasa dira obrak hasi zituztenetik, eta 1,2 milioi euroko aurrekontua izan dute. Instalazioek patioa eta jangela handiagotzea eta gela, bulego eta komun gehiago edukitzea ahalbidetuko diete ikasle zein irakasleei. Hala, lanak egin bitartean jarritako ikasgela aurrefabrikatuak erabiltzeko beharrik ez dute izango aurrerantzean.

Arrasaten ere egin dituzte zenbait egokitzapen hezkuntza-zentroetan. Erguingo Herri Eskolan, esaterako, komunak berritu dituzte, eta atezainaren etxea atontzen dabiltza eskolako beharrei erantzuteko. Musakolako Herri Eskolan ere azaro inguruan hasiko dira "eraberritze lan potoloak" egiten, bertako arduradunek azaldu dutenez.

Aranzadi ikastolako lehen egunean, ikasleak eta Oinez-Busekoak.

AIREZTAPENA, DISTANTZIA ETA MASKARA DERRIGORREZKOAK IZANGO DIRA

Protokoloa, ez hain zorrotza

Aurtengoa, iazkoarekin alderatuta, malguagoa izango da pandemiaren gaineko neurriei dagokienez, baina segurtasuna bermatzeko protokolo eguneratua oraindik zorrotz bete beharko dute eraikin guztietan. Aldaketen artean dago hemendik aurrera ez dutela ikasleen tenperatura egiaztatu beharko. Ikasgela barruan ere taldekako lanak egitea baimenduko die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kaleratutako protokolo berriak. Gainera, aurtengo ikasturtean kanpora begirako ekintzak eta barnetegietara irteerak egin ahalko dituzte ikastetxeetan. Horrez gain, eskoletako sarreretan pilaketak saihesteko neurriak malgutzeko aukera ere badaukate.Burbuila-taldeak, ordea, mantendu egingo dira; ikasleak zikloka edo mailaka egongo dira sakabanatuta, beraz. Momentuz, protokoloak maskararen derrigorrezko erabilera ezartzen du, baita gutxieneko distantzia errespetatzea eta barruko espa-zioak une oro aireztatzea ere. Izan ere, "iazko zuhurtzia maila berari" eutsi nahi dio Hezkuntza Sailak.

Ikasleen iritziak

Hain zuzen, ikasgeletan aurkitu dituzten arauen inguruan galdetu die Goienak Lehen Hezkuntzako zenbait ikasleri, eta gehientsuenak bat etorri dira honako eskaera honetan: "Kurtso hau aurrera joan ahala, klaseetan musukorik gabe egotea gustatuko litzaiguke". 6 urtetik beherakoak bakarrik ibil daitezke maskararik gabe.

Unibertsitatea eta heziketa zikloak

Aretxabaletako Lanbide Eskolan eta Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketan atzo egin zituzten goi mailako graduen aurkezpenak; datorren martitzenean hasiko dituzte, berriz, erdi mailako zikloetako klaseak.

Mondragon Unibertsitateko gradu gehientsuenetako ikasleek atzo izan zuten elkarren berri lehenengoz; heziketa ziklokoek, berriz, herenegun. Beraz, datorren astean ia klase guztiak normaltasunez garatzen hasiko dira.

EHUko graduei dagokienez, bailarako ikasle ugarik aste honetan ekin diote ikasturteari; beste zenbaitek, berriz, datorren astean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak