Sei izan dira baieztatutako azken positiboak; erdiak Arrasaten atzeman dira

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 8a, 12:55

Atzo egindako probek hiru kasu hauteman dituzte Arrasaten, bi Bergaran eta bat Aretxabaletan. Aurreko egunean baino kasu bat gehiago da, baina intzidentziak behera egiten jarraitzen du eskualdean: 249,96koa da. Horri lotuta, Aretxabaleta eta Elgeta gune laranjatik horira igaro dira.

Osasun Sailak herrietako positibo metatuak doitu ditu eguaztenero bezala; bailaran, lau kasuren aldea dago: Arrasaten (-2), Bergaran (-1), eta Oñatin (-1).

Horrela daude orain Debagoieneko datuak:

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentziek behera, Debagoienean

Egun bakarrean 25 puntu egin ditu behera Debagoieneko intzidentzia-tasak, eta aurreko asteko datuarekin alderatuta, 45 puntu. Azken datuaren arabera, 249,96ko tasa du bailarak.

Herriei erreparatuta, Aretxabaletaren kasua azpimarratu behar da. Astelehenean eremu gorritik laranjara igaro zen, eta atzo –bi egun beranduago–, laranjatik horira. 338,98ko tasa du. Elgetak ere, azken bost egunetan positiborik erregistratu gabe egon ostean, atzean utzi du eremu laranja, 265,25ko tasarekin. Intzidentzia-tasa guztiek egin dute behera bailaran.

Herrietako datu guztiak daude eguneratuta ondorengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotzarik ez bailaran

Abuztuaren 30etik irailaren 5era, 24 lagun hil dira EAEn (aurreko astean baino bat gutxiago), baina horietako bat ere ez da Debagoienean erregistratu (herritako heriotzen datuak goiko mapan daude). Hala, Hego Euskal Herrian, 5.827 pertsona zendu dira koronabirusaren eraginez: 4.625 EAEn eta 1.232 Nafarroan.

Adierazle guztiek hobera, EAEn

Ia hamazazpi puntu egin ditu behera intzidentzia-tasak EAEn eta 223,39an kokatu da –duela astebete 312,81ekoa zen–. Lurraldeei erreparatuta, honako hau da tasaren bilakaera:

Positibo berriei lotuta, EAEn 6.498 proba egin ziren atzo eta %4,2k eman zuen emaitza positiboa. 130 kasu baieztatu dira Bizkaian, 99 Gipuzkoan, 40 Araban eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Hots, guztira, 273 kasu berri hauteman dira, eta aipatzekoa da kasu gehienak 40 eta 49 urte artekoen artean baieztatu direla. Hona hemen adin tarteei dagozkien datuak:

Ospitaleei erreparatuta, okupazioak behera egin du. ZIUn bi lagun gutxiago daude (60) eta plantan bat gutxiago (194). Alderaketa eginda, duela astebete baino 29 ospitaleratu gutxiago daude EAEn.

Epe laburrerako erronkak

Jaurlaritzako Osasun Batzordea batu da gaur, eta horren ostean, Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko koordinatzaileak Jaurlaritzaren hiru erronkak azaldu ditu. Pandemiaren bilakaerak egunetik egunera hobera egiten duen honetan, epe luzerako erronka –hilabete batzuen buruan lortzekoa– intzidentzia-tasa 60tik behera kokatzea dela gogorarazi du; halere, Fernandezek epe laburrekoak –datozen asteetan erdiestekoak– zerrendatu ditu gaur: intzidentzia 150etik behera kokatzea, ZIUetako okupazioa 1. agertokiko zifrarik baxuenetan egotea eta txertaketa zikloa bete duten herritarrak %90 izatea.

Horrez gain, Labik duen erronka zehatza ere bota du: "Labik aztertu beharko du ea gaixotasunak zein puntutan utziko dion gizartearen funtzionamenduari eragiteari". Pandemiaren kudeaketan "inflexio-puntua" izango dela gaineratu du.

53 kasu Nafarroan

1.291 PCR eta antigeno proba egin ostean, 53 positibo baieztatu dituzte Nafarroan; hau da, proben %4,1k eman du positibo. Ospitaleetan, zazpi lagun ingresatu dituzte eta orotara 68 lagun daude erietxeetan; horietatik 23, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak