Bost kasu gehiago, baina herri bat gutxiago eremu gorrian

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 7a, 12:40

Bi positibo baieztatu dira Arrasaten eta bana Aramaion, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Behera egin dute kasuek bailaran, eta intzidentzia-tasa ere ia hamar puntu jaitsi da: 274koa da. Gainera, Antzuola eremu gorritik irten da 367,14ko tasa erregistratu ostean.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Bailarako intzidentzia-tasa 283tik 274ra jaitsi da, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Antzuolan tasek behera egin ostean. Nolanahi ere, bestelako joera izan duenik ere bada: Eskoriatzako eta Aramaioko intzidentziek apur bat egin dute gora. Gauzak horrela, eremu gorrian jarraitzen dute azken biek.

Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

ZIUetako okupazioak, behera

Euskal Autonomia Erkidegoko datu adierazgarriena ZIUek utzi dutena izan da. Atzoko egunez 62 lagun zeuden Zainketa Intentsiboetako Unitateetan; herenegun baino bederatzi gutxiago. Hala, plantan dauden 195 pertsonekin, guztira 257 dira erkidegoan ospitaleratutakoak; aurreko egunean baino zazpi gutxiago eta duela astebete baino hamaika gutxiago.

Pandemiaren bilakaera neurtzeko erabiltzen diren gainerako adierazle gehienek ere hobera egin zuten atzo EAEn. Intzidentziak hamaika puntu egin ditu behera eta 240an kokatu da (aurreko astelehenean 327,18koa zen):

Orotara 6.151 proba diagnostiko egin ziren eta %4ak eman zuen emaitza positiboa; hots, 246 lagunek. Lurraldeetan banatuta, 125 izan ziren bizkaitarrak, 83 gipuzkoarrak, 29 arabarrak eta bederatzi gainerako lurraldeetan erroldatutakoak.

Bukatzeko, pandemiaren hedapena neurtzen duen oinarrizko birsorkuntza datua (R0) berdin mantendu da:

Positiboak bikoiztu dira Nafarroan

1.324 proba egin ostean, %5,3k eman du emaitza positiboa: 70 lagunek. Bestetik, erietxeetan, 69 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik 22 dira ZIUn daudenak –aurreko astean baino hiru gutxiago–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak