Rap eta trap musikarien ezkutuko loraldia ari da gertatzen Debagoienean

Xabi Gorostidi 2021ko ira. 6a, 20:07

Esencia TP taldekoak, lagunekin batera, 'En el track' kantuko bideoklipean. (Argazkia: Asier Elgezua)

Bailaran hogeitik gora sortzaile ari dira rap, trap, drill eta reggaeton musika egiten. Nahiz eta kontzertu gutxi egin, nerabe eta gazteen artean gehien entzuten diren musika estiloak dira, eta sare sozialak dira euren agertoki eta erakusleiho berriak.

Tradizionalki, bailarako gazte eta errebeldeen musika estilo gustukoenak punka, Oi!-a eta hardcorea izan dira, baina gauzak goitik behera aldatu dira. Gaur egun, musika urbanoa –rapa, trapa, drilla eta reggaetona– da nerabeek eta gazteek gehien entzuten duten estiloa, eta Debagoiena joera horiekin lotutako gazte sortzaile loraldia bizi izaten ari da. Une honetan 20tik gora dira kantuak eta bideoklipak sortzen ari diren bailarako gazteak, eta, horien pertzepzioen arabera, bailarako gazteen %65i gustatzen zaizkie aipatutako musika estilo berriak.

Sortzaileak badaude, publikoa ere bai, baina gaur-gaurkoz estilo horietako kontzertuen kopurua baxua da

Baina ez da soilik musika estilo aldaketa huts bat izan. Musika ekoizteko, kontsumitzeko eta plazaratzeko moduak irauli ditu olatu berri honek. Lehen, kontzertuetan neurtzen zen musika talde bakoitzaren indarra eta arrakasta, baina aipatutako bolada berri honetako musikariek ez dute apenas kontzerturik egiten. Euren kasuan, Youtubeko ikustaldiak eta Instagrameko jarraitzaile kopuruak dira arrakastaren neurtzaile. Horrez gainera, apenas ekoizten dituzte diskoak, eta abestiak banan-banan argitaratzen dituzte, ia gehienetan abestia bera bezain garrantzitsua den bideoklip zainduarekin. Sortzaile ia guztiak gizonezkoak dira, eta gehienek gaztelera hutsean abesten dute.

Eszenatokirik gabeko eszena

Sortzaileak badaude, musika hori gustuko duten entzuleak ere bai, baina baldintza horiek eduki arren ez da musika estilo horiekin lotutako kontzerturik ikusten. Pandemia aurretik, adibidez, Bergaran egiten ziren rap kantarien arteko oilar-joko inprobisatuak, Bergarap izena zutenak.

Bi abeslari gazte, aurrez aurre, Bergarap oilar-jokoen edizio baten, Bergarako Espoloian. (Argazkia: Martxel Moral)

"Duela lau urte hasi ginen era horretako kale-lehiaketak antolatzen, 16 urte genituenean. Sare sozialetan deialdia zabaltzen genuen, eta hainbat herritatik etorritako lagunak batzen ginen Espoloian. Gutxieneko partaide kopurua hamasei lagunekoa izaten zen, eta hiru kide egoten ziren epaimahai lanetan. Partaide bakoitzak euro bat edo bi jartzen zituen eta batutako diru hori izaten zen irabazlearen saria. Baina udaltzainekin arazoak eduki genituen, bidea mozten genuelako, eta zigor ekonomikoak jasotzeko mehatxua ikusita ez genuen jaialdi gehiago antolatu", dio Bergarako rap abeslari Martxel Moral Zetita-k.

Musika urbanoa da gazteen %65aren estilorik gustukoena, musikarien pertzepzioen arabera

2019ko urtarrilean ArRAPsate jaialdia egin zuten Arrasaten, Esencia TP eta Suprim Records taldeen parte hartzerekin, eta argi ikusi zen musika estilo horrek gazteen artean duen indarra; hala ere, kontzertu arrakastatsua izan arren, ez zuen jarraipenik izan.

"Eszena egon badago. Sortzaile asko daude, baina zerbait falta da hori kontzertu bidez zaleei eskaintzeko. 2019ko urtarrilean goraino bete genuen Arrasateko gaztetxea. Baina egia da azken urteetan kontzertuek behera egin dutela. Duela 10-15 urte, barikuero eta zapatuero zeuden kontzertuak han eta hemen, eta horrek behera egin du nabarmen. Horri pandemiak eragindako etena eta geldotzea gehituz gero, une honetan egoera askoz urriagoa da. Eta zer gertatu da? Bada, sare sozialek xurgatu dutela mugimendu guzti hori" adierazi du Asier Elgezua bideo-ekoizle arrasatearrak.

Arrasateko gaztetxea, goraino beteta, 2019ko urtarrileko 'ArRAPsate' jaialdian. (Argazkia: Asier Elgezua, Esencia TP)

"Sortzaile gehienek kantu solteak argitaratzen dituzte, eta gutxi dira disko bat egiteko material nahikoa dutenak. Lan egiteko modu horrek ere eragiten du kontzertu gutxi egotea. Maiztasun jakin batekin kantak argitaratzen joatea lehenesten da gehiago; sare sozialek markatzen dute erritmoa, eta egia da kontzertuak bigarren mailan geratzen direla. Gainera, egoera pandemikoa nola dagoen ikusita, kontzertu falta normala dela uste dut", dio Ur Bruña sortzaile eta abeslariak.

Kanta bakarra Youtubera igo eta 37.000 ikustaldi lortu dituzte Ekso eta Pxli trap abeslari aretxabaletarrek

Egoera pandemikoa baretzean rap eta trap eszenak eztanda egin dezakeela uste du Iker Iriarte HRT abeslari bergararrak: "Eszena geroz eta gehiago egongo da. COVID-19arekin oso zaila dago kontzertuak egitearena, eta askok ez dute motibaziorik. Pandemia garaian kontzertu bat egin genuen, eta beste bat egiteko gertu izan ginen. Baina kontzertuak egiteko gogoz gaude eta ziur aurrerantzean ugaritu egingo direla".

Xady Aiastui 'K-PO' eta Iker Hiriarte 'HRT', 'Modo Avion' abestiaren une batean. (Argazkia: Youtube) 

Euren kasuan, gainera, gogotsu daude Oi! eta rap estiloak nahasten dituzten jaialdiak antolatzeko. "Oi! musika eta rapa bateragarriak direla uste dut. Biek balio dute gazte eta errebelde izateko, eta bi estilo horiek nahasten dituzten kontzertu edo jaialdiak egin daitezkeela uste dut. Laster, egoera pandemikoa baretzen denean, horrelako zerbait egin nahi dugu No Limits taldearekin Bergarako gaztetxean. Elkar besarkatu daitezkeen bi mundu dira".

Aipatutako musika estiloen "fama txarrak" kontzertuak egiteko aukera murrizten duela dio Janire Davila Janda arrasatearrak. "Nire kasuan, bi urte daramatzat eta hiru kontzertu egin ditut soilik, COVID madarikatuak baldintzatu baitu guztia. Egin ditudan apurrak diskoteketan izan dira, lagun artista edo ekoizleek telonero gisa sartu nautelako, baina egia da herriko jaietan gure musikak ez duela lekurik. Trapa, adibidez, asko erlazionatzen dute reggaetonarekin, eta estilo horrek mesfidantza eragiten du, matxista eta sexista delakoan. Espainia hegoaldean, Malagan, adibidez, aurreiritzi horiek gainditu egin dituzte eta kontzertu asko egiten dira era horretako plazetan. Hemen, ordea...".

Janire Davila 'Janda', 'Candy Hood' abestiko une batean. (Argazkia: Oihane Garcia)

Sare sozialen indarra

Mugimendu berri honetan sare sozialak estrategikoak dira: promozionatzeko, kontsumitzeko, erlazionatzeko eta publikoaren babesa sentitzeko eta zenbatzeko. Aretxabaletako Ekso eta Pxli abeslarien kasua deigarria da oso. Orain arte, kanta bakarra argitaratu dute –Guerreros du izena– eta 37.000 ikustaldi baino gehiago batu dituzte Youtuben.

Markel Bengoa 'Pxli' eta Mikel Egia 'Ekso' aretxabaletarrak, 'Guerreros' abestiaren une batean.  

"Ez genuen espero kantua 5.000 ikustaldira heltzea, eta 30.000 ikustaldiak gainditu ditu. Ez da bakarrik gure meritua. Produktore oso on bat izan dugu alboan, baita bideoak egiten oso ona den Bilboko beste lagun bat, eta horri guztiorri esker jendeak gustuko izatea lortu dugu".

Baina jendeak euren kanta gustuko izan arren, ez dute presarik kontzertuak egiteko. Alde horretatik, bi aukera hauetako bat hautatzeko galdetuta, nahiago dute euren hurrengo kantak 40.000 ikustaldi izatea euren lehen kontzertuan 150 lagun batzea baino.

Hodei Vicario Denso arrasatearra izan zen kantu hori ekoiztu zuena. Aretxabaletako gazteen kasuari buruz galdetuta, erlatibizatu egin du arrakasta ikustaldi kopuruarekin lotzearena: "Sare sozialetako ikus-entzunezkoen kontsumoa duela hamar urte baino 100 aldiz handiagoa da. Lehen, 100.000 ikustaldi sekulako lorpena zen, eta orain, zure katuaren bideo barregarri batek 2.000.000 ikustaldi lor ditzake ordu gutxitan. Ikustaldi kopurua erreferentzia bat da, badu garrantzia, baina neurria hartu behar zaio".

Bada nor hori esateko; izan ere, berak abeslari argentinar bati egindako abesti batek 3.500.000 ikustaldi ditu eta.

Ekoizleak eta bideo-egileak

Rock taldeen formazioan badaude ezinbesteko partaideak: bateria, gitarra, baxua eta abeslaria. Eta mugimendu berri honetan, abeslariez gain, ekoizlea, bideo-egilea eta halako partaideak funtsezkoak dira.

Hodei Vicario ekoizlea figura oso garrantzitsua da mugimendu honetako sortzaileen loraldia ulertzeko. Abestien oinarriak sortzen ditu, eta kantuak ekoiztu ere bai: "Abeslari bati oinarri bat emanez gero, gutxik ateratzen diote zuku guztia. Nik pistak eta aholkuak ematen dizkiet abesteko erari eta erritmoari dagokionez, kantuari etekin ahalik eta handiena ateratzeko". Abeslari hasiberri batek ordaindu egin behar du oinarri bat eskuratzeko, ordaindu egin behar du ahotsa grabatzeko, masterizatzeko... Horren harira, Vicariok Arrasaten zuen estudioa oso lagungarria izan da hasteko gogoz zeuden sortzaile askok lehen urratsak egiteko: Martin Errasti Tatta, Unai Sierra, Ur Bruña, Alaiur, Mutiko...

Hodei Vicario 'Denso' musika-ekoizle arrasatearra. (Argazkia: @Martzvica)

Ekoizlea ezinbesteko bada, gauza bera gertatzen da bideo-ekoizleekin. Izan ere, sortzaileek, orokorrean, bideoklip formatuan argitaratzen dituzte kantak, eta ikus-entzunezkoaren kalitatea ere asko lantzen dute. "Irudiak oso lagungarriak dira hitzak zuzenago heltzeko", dio HRT-k. Gure bailaran badaude puntako bideo-ekoizle batzuk; Esencia TP taldearen bideoak egin izan dituen Asier Elgezua arrasatearra da horietako bat, eta Bergarako Beñat Vicentek ere lan txukunak ditu.

Hip-hoparen hastapenak bailaran

Rap kulturarekiko zaletasuna ez da berria Debagoienean. 90. hamarkadako musika talde batzuengan oso influentzia nabaria izan zen –Ekon edo Anger taldeak kasu– eta Deifus bezalako rap abeslari solteak izan ziren, nahiz eta kontzertu oso gutxi jo.

2012an egindako azken Hip-hop festa, Arrasateko gaztetxean. (Argazkia: Imanol Soriano)

Arrasateko gaztetxean, adibidez, lau Hip-hop festa antolatu zituzten –azkena 2012an–, non zuzeneko rap musikaz gain, skate, graffiti eta break-dance erakustaldiak uztartzen zituzten. "Guretzat hip-hop kulturak hiru adar zituen: musika, graffitia eta dantza. Eta Hip-Hop festetan hori plasmatzen genuen. Ez ziren jaialdi masiboak izaten, baina bazegoen kultura hori gustuko zuen publikoa". Zentzu horretan, musikaren eta dantzaren adarrak ez zuen garapen handirik eduki bailaran; aldiz, graffitia izan da jarraikortasun handiena izan duen alorra.

Debagoieneko sortzaileen zerrenda

Jarraian datorren zerrendan, artisten bideoak ikusi ditzakezue izenaren gainean klik eginda. 

Arrasate:

Bergara:

Oñati:

Aretxabaleta:

Eskoriatza: 

Aramaio:

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak