Ikastetxeetan lan karga handiko egunak izan dira aste honetakoak, gutxi falta baitzaie ikasturte berria hasteko. Haur eta Lehen Hezkuntzako zentro gehienetan astelehenean, irailak 6, hasiko dituzte eskolak; Bigarren Hezkuntzan, batxilergoan eta Lanbide Heziketan geroxeago, eta Mondragon Unibertsitatean, esaterako, irailaren 4tik 16ra bitartean.
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak astelehenean jakinarazi zuen hezkuntza zentroetako COVID-19 protokolo berria, eta hori aztertzen eta barneratzen aritu dira asteon.
Iazko antzera
Protokolo berrituak aldaketa batzuk barnebiltzen dituen arren, iazko protokolo ia berarekin jardungo dutela adierazi dute GOIENAk kontsultatutako hiru ikastetxeek. "Orokorrean, uztailean geneukan protokolo ia berarekin ekingo diogu ikasturte berriari. Duela egun gutxi plazaratu du Jaurlaritzak ikasturte hasierarako protokoloa eta egun hauetan gure plangintza borobiltzen aritu gara. Baditu berritasun batzuk: eskolaz kanpoko ekintzak, barnetegiak... Esan daiteke zerbait malgutu dituztela neurriak, baina, gure kasuan, iazko ikasturte amaierako zuhurtzia berarekin jardungo dugu ikasturte berri honen hasieran. Ezin gara erlaxatu; pena handia litzateke-eta iazko ahalegin kolektiboarekin lortutako guztia galtzea", adierazi du Mariaren Lagundia Ikastolako komunikazio arduradun Gotzon Iparragirrek.
"Zuzendaritza taldekoak abuztu amaiera ezkero gabiltza lanean, kurtso berriari ahalik eta hoberen ekiteko. Hasiera batean, iazko kontingentzia plan berarekin ekingo diogu: distantziak, maskarak, burbuilak, sarrera-irteera mailakatuak... Badirudi aurtengo protokolo berrituak burbuila barruan talde lanak egiteko aukera gehiago ematen duela; gure kasuan, asko eskertuko dugu, talde lanean funtzionatzeko kultura oso barneratuta baitugu", azaldu du Arrasate Herri Eskolako zuzendari Ana Zubillagak.
"Berritasun txikiak ditu protokolo berriak; beraz, iazko ikasturteko protokolo ia berarekin ekingo diogu. Eskolara sartu aurretik, adibidez, ez diegu ikasleei tenperatura hartu beharko, baina ilarak, maskarak, distantziak eta burbuilak mantentzen jarraituko dugu", adierazi du Aranzadi Ikastolako zuzendari Agurtzane Loidik.
Neurriak malgutzeko nahia
Egoera pandemikoa arindu ahala neurriak leuntzeko eta normaltasuna berreskuratzeko nahia azaldu dute guztiek. "Asko dira kendu nahiko nituzkeen neurriak, baina, adibidez, jolastokian maskara erabiltzeko derrigortasuna kentzea urrats bat izango litzateke pixkanaka lehen genuen girora hurbiltzen hasteko", dio Gotzon Iparragirrek.
"Badugu esperantza, adibidez, Gabonak heldu orduko talde dinamika areagotzeko baimena edukitzeko; burbuilak handitzea eta ziklo bereko ikasleekin ekimenak egin ahal izatea asko eskertuko genuke", azaldu du Agurtzane Loidik.
Loidiren antzera mintzatu da Ana Zubillaga ere: "Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak mugimendu autonomoan hezten ditugu. Hartu-eman handia izaten dute maila eta ziklo bereko beste ikasleekin, eta hori pixkanaka berreskuratzea aurrerapauso nabarmena litzateke".
Iazko neurriak, eraginkor
2020-2021 ikasturtea zalantzaz beterik hasi zuten bailarako ikastetxeek. Aurrez aurreko eskolak berreskuratu zituzten, baina ziurgabetasun maila oso altuarekin. Zailtasunak zailtasun, kurtsoa hasieratik bukaerara egitea lortu zuten, eta pozik eta harro azaldu dira ikasturteak emandakoarekin. "Neurriak oso zorrotzak izan ziren, baina azpimarratu nahiko nuke kurtso osoan zehar irakasleek, langileek eta, batez ere, ikasleek izan zuten inplikazioa. Sakon eta luze egin dugu lan, eta horri esker lortu genuen eskola barruan kutsatzerik ez gertatzea; kutsatu izan direnak eskolatik kanpo kutsatu dira. Beraz, neurriak zorrotz betetzeak balio izan digu birusari eraginkorki erantzuteko. Urte zaila eta gogorra izan da, baina egindako ahaleginak merezi izan duela sentitu dugu".
Mariaren Lagundiko "protokoloaren eraginkortasuna" azpimarratu du Gotzon Iparragirrek. "Ikastetxeek euste lan handia egin dugu birusaren aurrean. Gure zentroen barruan ez da kutsatze kasurik gertatu, eta denok egindako ahaleginaren emaitza izan da hori. Bereziki goraipatu nahiko nuke ikasleek izan duten jarrera. Gazteak askotan jarri dira jo-puntuan, baina, guri dagokigunez, eredugarri jokatu dute oso".
"Ikasturte ezohiko eta gogorra izan zen eskola partaide guztientzat, baina parterik gogorrena ikasleek sufritu dute. Neurri askok izaera militarra izan dute: distantziak, ilaretan mugitu beharra, sartu-irten kontrolatuak, etxeratzeak... Egin duten ahalegina itzela izan da. Beraz, eskertu nahiko nuke profesionalek, gurasoek eta, batez ere, ikasleek erakutsitako jarrera", adierazi du Agurtzane Loidik.