Kargaleku elektriko gehiago nahi dituzte auto ekoizleek

Xabi Gorostidi 2021ko ira. 3a, 13:26

Arrasateko AVIA gasolindegiko langile Pello Urreta, kargaleku elektrikoan.

2025erako auto elektrikoak kargatzeko guneak hamar aldiz handitzea proposatu du Anfac auto ekoizleen elkarteak. Debagoienean, une honetan, erabilpen publikoko bost kargaleku daude, eta "erabilpen maila baxua" dutela diote kudeatzaileek.

Autoen merkatuan iraultza elektrikoaren oihartzuna aspalditik entzuten den zerbait da, baina, gaur-gaurkoz, iraultza horren eraginak ez dira batere agerikoak. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, 2021eko lehen seihilekoan saldutako autoen %7 baino gutxiago dira elektrikoak.

Auto elektrikoen zabalkunde motelaren faktoreak askotarikoak izan daitezke. Ekoizleen arabera, prezio altuak eta autonomia falta izaten dira erosle potentzialentzako oztopo nagusiak, baina autoak kargatzeko gune gutxi izateak egoera are gehiago okertzen duela ohartarazi dute. Hala, Espainiako Auto Ekoizleen Anfac elkarteak proposatu du gaur egun dagoen kargaleku kopurua hamar aldiz handitzea 2025erako, eta 2030erako 30 aldiz handiagoa izatea ere bai.

Bost kargaleku bailaran 

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan 618 kargaleku daude, guztira. Debagoienera etorrita, aldiz, une honetan bost kargaleku publiko daude erabilgarri:

  • Arrasaten: Avia gasolindegian
  • Bergaran: Avia eta Repsol gasolindegietan eta Leizeaga kaleko Eroski supermerkatuan
  • Oñatin: Arantzazuko Ama kaleko Eroski supermerkatuan.

Seigarren bat ere badago Arrasateko Musakola Auzoko Eroski gasolindegian, baina enpresen erabilerara dago mugatuta, gaur-gaurkoz. Edozelan ere, bezero batzuen eskaria aintzat hartuz, karga puntu hori erabiltzaile partikularrek erabiltzeko urratsak egiten ari direla adierazi dute. AP-1 autobidean, Arrasate inguruan dagoen Repsol gasolindegian ez dute kargalekurik une honetan, baina etorkizunean jartzeko aukera mahai gainean dutela adierazi dute haiek.

Debagoienean hamabi gasolindegi daude –bost Arrasaten, hiru Bergaran, bi Oñatin eta bi Eskoriatzan–; %25ek dute auto elektrikoa kargatzeko aukera. Bailaran badaude auto elektrikoa kargatzeko gune gehiago, baina erabilera pribatukoak. Auto kontzesionarioetan daude horietako batzuk –Arrasateko Mugarrin eta Chapimen, esaterako–, baina ez daude edozein erabiltzaileren esku.

Erabilera "baxua"

Auto elektrikoa kargatzeko gunea dutenek azaldu dutenez, "erabilpen maila baxua dute". Edozelan ere, Arrasateko Avia gasolindegikoek azaldu dute "baxua izan arren pixkanaka erabilera gorantz doala igartzen dutela. Oñatiko Eroski supermerkatuan dagoen gunea Ibil SA enpresak kudeatzen du, eta, bertako arduradunen arabera, herri txikien eta hiri handien artean alde handia dago erabilerari dagokionez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak