Hamabost izan dira atzo egindako probek baieztatu dituzten kasuak –aurreko egunean baino hiru gutxiago–, halere, nabarmendu behar da Aretxabaletan atzeman dela positiboen heren bat. Bestetik, Antzuola ere aipatzekoa da; bertan hauteman baitira hiru positibo. Eta hain zuzen ere, atzo erregistratutako zenbatekoen eraginez igaro dira bi herriak gune gorrira. Elgetaren kasuari erreparatuta, hirugarren egunez jarraian erregistratu da positibo bat.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Aurreko asteko eguenean 256,14ko tasa erregistratu zuen Debagoienak, eta atzo berriz, 307,05koa; zazpi egunetan 51 puntu egin ditu gora, alegia. Bestetik, herrien egoerari dagokionez, Eskoriatza zen orain arte eremu gorrian zegoen herri bakarra, baina azken orduetan Antzuola (458,93) eta Aretxabaleta (437,85) batu zaizkio. Nolanahi ere, Eskoriatzako tasak behera egin zuen atzo eta 633,68koa da. Bergaran eta Oñatin ere tasek behera egin dute.
Hurrengo mapan daude herrietako datu guztiak:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Intzidentziak behera, EAEn
Beheranzko joerari eutsita, beste 12 puntu egin ditu behera Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasak: 286,54koa da:
Positiboei dagokienez, 5.668 PCR eta proba diagnostiko egin ostean, 346 kasu baieztatu dira: 191 Bizkaian, 112 Gipuzkoan, 37 Araban eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuak ere behera egiten jarraitzen du eta 0,80an kokatu da:
EAEko erietxeetan, 278 pertsona daude ingresatuta; aurreko egunean baino zazpi gehiago. Halere, Zainketa Intentsiboetako Unitatean daudenak bi gutxiago dira. Aurreko asteko egoerarekin alderatuz gero, lagun bat gutxiago dago ZIUn eta hamabost gutxiago plantan. Bestetik, ospitaleratze berriak 40 izan ziren atzo.
Nafarroan, 111 kasu
1.395 proba egin ostean, 111 kasu baieztatu dira Nafarroan; testen %8k eman du emaitza positiboa. Bestetik, erietxeetan 77 lagun daude ingresatuta eta horietatik 25 daude ZIUn.