Hemezortzi kasu erregistratu ostean, eremu laranjara igaro da eskualdea

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 2a, 12:43

Leintz Gatzagan salbu, bailarako gainerako herrietan baieztatu dira positiboak: zazpi Arrasaten, hiruna Eskoriatza eta Oñatin eta bana Aramaion, Antzuolan, Aretxabaletan, Bergaran eta Elgetan. Bestetik, aipatzekoa da Bergarak atzean utzi duela eremu laranja, intzidentzia 300etik jaitsi ostean.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Antzuola laranjara eta Bergara horira

Debagoieneko intzidentzia-tasak gora egin du, eta aurreko egunetako joera hautsiz, EAEko tasaren gainetik dago une honetan: 294,71tik 310,14ra igo da; hots, bailara eremu horitik laranjara igaro da azken orduetan.

Koloreekin jarraituz, aldaketak izan dira Antzuolan eta Bergaran ere. Antzuolak egun bakarra egin du eremu horian, izan ere, herenegun igaro zen laranjatik horira, baina atzoko positiboarekin, berriz ere horitik laranja izatera pasatu da. Bergaran, aldiz, egoerak hobera egin du eta 292,63ko tasa erregistratu ostean, eremu horian dira bergararrak. Halaber, azpimarratu behar da Bergararen intzidentzia dela azken orduetan behera egin duen bakarra; eskualdeko gainerako herrietan –Leintz Gatzagan salbu– gora egin du. Horri lotuta, Eskoriatzan tasak gora egiten jarraitzen du eta 700eko langa gainditu da.

Datu guztiak daude hurrengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

EAEk, 300etik beherako tasa

Aurreratu bezala, Euskal Autonomia Erkidegoa eremu horira igaro da, 298,95eko intzidentzia-tasa metatua erregistratu ostean; 13,37 puntu egin ditu behera. Hiru lurraldeak daude 300etik behera, eta antzeko zenbatekoak dituzte:

Positibo berriei lotuta, 397 kasu atzeman dira; proben %6,7k eman du positibo: 199 kasu baieztatu dira Bizkaian, 136 Gipuzkoan, 50 Araban eta hamabi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. 

Beste egun batez, nabarmentzekoa da positibo gehienak 10 eta 29 urte arteko gazteen artean hauteman direla. Adin-tarteka erregistratutako azken kasuak daude hurrengo taulan:

  • Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.

Bestetik, bigarren egunez jarraian berdin mantendu da R0 datua; 0,82an dago –duela astebete 0,87koa zen–. Gogoratu behar da 1,00etik behera egonez gero, pandemia ez dela hedatzen ari.

Eta EAEko ospitaleei erreparatuta, ZIUetako okupazioak gora egin du; bi lagun gehiago daude. Guztira, 73 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean –duela astebete baino hiru gutxiago–. Plantan berriz, hamalau alta eman dituzte, eta hala 271 dira guztira erkidegoan ospitaleratuta daudenak. Bestetik, atzo 37 lagun erietxeratu zituzten.

101 kasu Nafarroan

1.372 proba egin ostean, 101 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan –aurreko egunean baino 38 gutxiago–. Bestetik, 76 lagun daude ospitaleratuta –horietatik 25 ZIUn– eta azken orduetan heriotza bat erregistratu da; guztira 1.229 pertsona zendu dira Nafarroan COVID-19aren eraginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak