Hamabost positibo bailaran; horietatik sei, Eskoriatzan

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 1a, 12:59

Sei kasu atzeman dira Eskoriatzan, hiru Arrasaten, bina Aramaio eta Aretxabaletan eta bana Bergara eta Elgetan. Bestetik, azken astean pertsona bat zendu da bailaran (Arrasaten), COVID-19aren eraginez. Guztira, 9.026 lagunek hartu dute gaitza Debagoienean eta 174 zendu dira (%1,92).

Azken kasuei lotuta, aipatzekoa da Eskoriatzak 500 kasu metatuen langa gainditu duela. Bestetik, Elgetak hilabete osoko 5. kasua erregistratu zuen atzo eta Aramaiok abuztuan erregistratutako zazpiei beste bi gehitu dizkie.

Bestalde, aipatu behar da Osasun Sailak herrietako positibo metatuak doitu dituela gaur; bailaran, hemezortzi kasuren aldea dago: Antzuolan (-1), Aramaion (+1), Aretxabaletan (+2), Arrasaten (-21), Bergaran (+5), Elgetan (-2), Eskoriatzan (+5) eta Oñatin (-7).

Horrela daude orain Debagoieneko datuak:

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Antzuola, laranjatik horira

Bailarako intzidentzia-tasa metatuak lau puntu egin ditu gora azken orduetan (294,71), izan ere, Aramaio, Elgeta eta Eskoriatzako tasek gora egin dute, eta behera egin duten herrien kasuan, jaitsiera ez da hain nabarmena izan.

Eskoriatzak 500eko langa gainditu zuen duela bi egun eta atzo 600etik gora kokatu zen: 682,43ko intzidentzia-tasa du eta eskualdean eremu gorrian dagoen herri bakarra da. Halere, gune gorritik gertu dago Aretxabaleta; azken orduetan aldaketarik izan ez duen arren, 381,36ko tasa du.

Eta apurka bada ere, egoerak hobera egiten du Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Antzuolan. Azken hori 300etik behera kokatu da (275,36) eta eremu horira igaro dira antzuolarrak.

Herrietako datu guztiak daude eguneratuta ondorengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotza bat Arrasaten

Abuztuaren 23tik 29ra 25 lagun hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusaren eraginez; horietako bat, Arrasaten. Hala, bailarako datuei erreparatuta, pandemia hasi zenetik 174 debagoiendar zendu dira. Herriz herri, 87 heriotza erregistratu dira Arrasaten, 40 Bergaran, hemeretzi Aretxabaletan, hamazazpi Oñatin, zortzi Eskoriatzan eta bana Antzuola, Aramaio eta Elgetan.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 5.823 dira gaitzak jota hil direnak.

EAE, laranjatik horirantz

Beste hamalau puntu egin ditu intzidentzia-tasak EAEn eta 312,81ean kokatu da. Osasun Sailak jarritako parametroei jarraiki, 300etik behera jaitsitakoan, kolore laranja atzean utzi eta "horia" izango litzake erkidegoa. Lurraldeei erreparatuta, honako hau da tasaren bilakaera:

Positibo berriei lotuta, EAEn 7.041 proba egin ziren atzo eta %6,1ek eman zuen emaitza positiboa (ia puntu bat igo da positibotasun-tasa). 226 kasu baieztatu dira Bizkaian, 135 Gipuzkoan, 65 Araban eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Hots, guztira, 432 kasu berri hauteman dira; horietatik 146, 10 eta 29 urte bitartekoen artean.

Honako hau da adin-taldeen araberako intzidentzien grafikoa:

Ospitaleei erreparatuta, atzo gora egin zuen okupazioak. ZIUn lagun bat gutxiago badago ere, hamasei gehiago dira plantan daudenak. 283 pertsona daude ospitaleratuta eta horietatik 71 daude ZIUn –aurreko astean baino zazpi gutxiago–.

Nafarroan, positiboen gorakada

1.427 PCR eta antigeno proba egin ostean, 139 positibo baieztatu dituzte Nafarroan; hau da, proben %9,7k eman du positibo. Ospitaleetan, bost lagun ingresatu dituzte eta orotara 81 lagun daude erietxeetan; horietatik 26, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak