Zeintzuk dira gaur indarrean jarri diren neurriak?

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 1a, 10:48

Astelehenean elkartu zen Labi eta pandemiari aurre egiteko ezarrita zeuden hainbat neurri malgutzea erabaki zuen; batez ere, gehienezko edukierari lotutakoak. Gaur, hilak 1, sartu dira indarrean arau berriak.

Ostalaritza eta txokoetako neurriak

  • Taberna eta jatetxeen barneko edukiera handitzea erabaki du Labik; hala, gehienez, %50eko edukiera ezarri da.
  • Bestetik, mahai bakoitzean egon daitezkeen pertsona-taldeak zortzi lagunekoak izan daitezke orain –bai terrazetan, bai barnealdean–. Gogoratu behar da, atzora arte, bizikideak ez zirenen kasuan, sei lagunekoa zela muga.

Aldatu ez dena zutik edo barran kontsumitzeko debekua da. Beti eserita egon beharko da eta maskara jateko edo edateko unean bakarrik kendu ahalko da.

Ordutegietan ere ez da moldaketarik egin. 01:00etan itxi beharko dira lokalak –baita saltokiak eta bestelako jarduerak egiten dituzten establezimenduak ere–.

Ostalaritzara zuzendutako neurriak joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei ere aplikatzen zaizkie.

Edukiera mugak

Dekretu berriaren arabera, salbuespenak badaude ere, baimendutako gehienezko edukiera %60koa da jarduera zein instalazio mota guztientzat.

Salbuespenak honako hauek dira:

  • Kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan eta 800 pertsona kanpoan.
  • 600 pertsonatik 5.000ra bitarteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsonakoa izango da barnealdean, eta 1.200 pertsonakoa kanpoaldean.
  • 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehienezko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan.

Gazte-lokalak eta gaueko aisia
Gazteen lokalak eta gaueko aisialdiko establezimenduak itxita jarraitu beharko dute oraindik.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak