Egubakoitzean egindako probek hamalau kasu baieztatu zituzten, zapatukoek hamahiru, eta atzo, berriz, hamasei kasu baieztatu ziren bailaran. Hurrengo taulan daude datuak egunez egun eta herriz herri:
Herriak | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | Guztira |
Arrasate | 8 | 6 | 9 | 23 |
Bergara | 4 | 3 | 3 | 10 |
Oñati | 1 | 3 | 0 | 4 |
Eskoriatza | 0 | 1 | 2 | 3 |
Antzuola | 1 | 0 | 1 | 2 |
Aretxabaleta | 0 | 0 | 1 | 1 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 14 | 13 | 16 | 43 |
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Eskoriatza, gorriz dagoen bakarra
Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, hainbat aldaketa egon dira asteburuan. Aretxabaleta eremu gorritik laranjara igaro da, 400etik beherako tasa erregistratu ostean. Eta Antzuolak eta Bergarak, berriz, okerrera egin dute: horitik laranjara igaro dira biak. Halere, azken datuen arabera, Eskoriatza da 400etik gorako tasa duen bailarako herri bakarra. Bestetik, bailarako intzidentzia-tasa orokorra 276,19koa da.
>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
EAEko intzidentziak, behera
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak azaldu duenez, pandemiaren joera aldaketa "zalantzazkoa" da oraindik; nolanahi ere, beste apur bat egin du behera EAEko intzidentzia-tasak. Azken datuaren arabera, 340,45ekoa da tasa (-11,27) eta hortaz, "gune laranjan" legoke erkidegoa. Horrekin batera, aipatzekoa da Araba eremu gorritik irten berri dela.
Atzo hautemandako kasu berriei dagokienez, 3.543 probatatik %6,5ek eman du positibo EAEn; 296k, hain zuzen ere. Azken asteetan, oro har, positibotasunak behera egin du, eta horren erakusle da asteetako batez bestekoak adierazten dituen grafiko hau:
Positiboak lurraldeka banatuz gero, 149 baieztatu dira Bizkaian, 98 Gipuzkoan, 44 Araban eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, adinka banatutako zenbatekoak dira hurrengo taulan daudenak: lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuari lotuta, asteburuan gorabeherak izan dira, baina ez da 0,88tik igo.
294 pertsona ospitaleratuta
EAEko ospitaleetako okupazioak gora egin du azken orduetan, ZIUn erregistratu diren hiru ospitaleratzeen eraginez. Guztira, 294 pertsona daude ingresatuta eta horietatik 74 daude ZIUn. Bestetik, atzo 27 pertsona ospitaleratu zituzten.
Nafarroan, 70 kasu
785 proba egin ostean, 70 positibo hauteman dituzte Nafarroan; positibotasun-tasa %8,9koa izan da, alegia. Ospitaleetan, 85 lagun daude ingresatuta eta horietatik 25 dira Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak. Bestetik, atzo bost lagun ingresatu zituzten plantan eta bat ZIUn.