Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak bilera egin dute asteon Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. 2021-2022ko ikasturteko helburuak finkatu dituzte, eta hiru unibertsitateetan "erabateko presentzialtasuna" berreskuratzearen garrantzia azpimarratu dute.
Eskolak aurrez aurre eta online emanez hasiko dute ikasturtea, osasun egoera hobera egin eta pandemiaren bilakaerak presentzialtasuna berreskuratzen laga arte. EHUtik azaldu dutenez, gutxienez %75eko presentzialtasuna bermatuko dute: bigarren seihilekoan ikasleek eskola guztiak ikasgelan bertan jasotzea dute helburu.
Deustuko unibertsitateak eskolak iazko ereduarekin hasiko dituzte baina, eskola guztiak aurrez aurre emateari ekingo diote ahal bezain pronto. Atxak ere zehaztu du Mondragon Unibertsitatean presentzialtasuna graduen eta masterren kasuan %80koa izango dela, eta eskola guztiak presentzialki ematen hasiko dira.