Bailarako intzidentzia-tasa, 274,65ean
Debagoieneko intzidentzia-tasa behera egiten ari da egunez egun, eta 274,65ekoa da. Aipatzekoa da joan den eguaztenetik beherakada izan duen arren, apalagoa izan zen, izan ere, 290ean zegoen egun hartan.
Era berean, esan behar da azken orduetan herri gehienetako intzidentzia-tasek gora egin dutela; zehazki, Eskoriatzan baino ez du behera egin, berdin mantendu da Leintz Gatzaga eta Oñatin. Hala, Debagoieneko mapak aldaketak izan ditu azken orduetan; Aretxabaleta laranjatik horira igaro da berriz ere, eta Elgetak horitik laranjara igaro da.
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Ia 859 kasu Hego Euskal Herrian
Duela astebete, abuztuaren 17an, 748 kutsatu baieztatu zituzten EAEn. Gaur, eguaztena, gutxiago izan dira zenbatutako kasuak: 643, zehazki. Positibotasun-tasei erreparatuta, testen %9,4k eman du positibo EAEn –joan den eguaztenean %10,2 izan ziren– . Lurraldeka, 321 kasu baieztatu dira Bizkaian, 201 Gipuzkoan, 94 Nafarroan, 105 Araban eta 16 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, EAEren kasuan, azpimarratzekoa da positibo gehienak 20 eta 29 urte arteko gazteen artean hauteman direla. Adin-tarteka erregistratutako azken kasuak daude hurrengo taulan:
- Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.
Intzidentzia-tasei erreparatuta, EAEko tasak behera egiten jarraitzen du. Zehazki, 14,64 puntu egin ditu behera, eta 412,05koa da. Lurraldeei erreparatuta, aipatzekoa da Arabak duela une honetan intzidentzia-tasarik altuena EAEko lurraldeen artean.
Honako hau da intzidentzien bilakaera:
Aurreko astean, 25 heriotza EAEn
Abuztuaren 16tik 22ra bitartean 25 lagun zendu dira EAEn COVID-19aren eraginez –aurreko zazpi egunetan baino hamar gutxiago–. Bailarara etorrita, berriz, ez da heriotzarik erregistratu.
Horretaz gain, bigarren egunez jarraian berdin mantendu da R0 datua; 0,87an dago. 1,00etik behera egonez gero, ondoriozta daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.
39 ospitaleratze berri EAEn
Ospitaleetako datuei erreparatuta, azken egunetan behera egiten ari da ospitaleratu berrien kopurua, eta 238 pertsona daude ingresatuta Euskal Autonomia Erkidegoko erietxeetan –joan den eguaztenean baino 18 gutxiago dira–. Nafarroan, ostera, 87 dira ingresatuta dauden lagunak.
Zaintza Intentsiboetako Unitateetan, orotara 105 pertsona daude: 78 EAEn eta 27 Nafarroan. Gainera, azken orduetan pertsona bi hil dira Nafarroan.