Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "mezu positibo" bat zabaldu gura izan du: "Euskal gazteek gure gizarteari egin dioten ekarpena aitortu behar da eta haien inplikazioaren islak, hala nola hezkuntza-aisiako boluntariotza edo Auzolandegietan egindako lana".
Gazte gehienek "aitona-amonen belaunaldiarekin egindako ahaleginak eta agertutako elkartasuna eta erantzukizuna" partekatu dutela adierazi du Artolazabalek.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Maialen Olabek adierazi du ez dela zuzena euskal gazte guztiak kriminalizatzea, "gutxiengo batzuen ekintzengatik". Gaineratu du oso garrantzitsuak direla "gazteei emantzipatzeko bideak eta gizarte-eskubideak baliatzeko aukerak ematera bideratutako ekimenak".
Artolazabal sailburuak "joan den asteburuan Donostian egindako ekintza bandalikoak eta beste udalerri batzuetan Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin izandako istiluak" gaitzetsi ditu: "Ekintza bandaliko horiek ez dituzte gazteek egin, bandalo batzuek baizik".
Txertoa jartzeko deia
Sailburuak txertoa jartzen jarraitzera animatu ditu gazteak, "hurbil baitago ikasturtearen hasiera edo lan-jarduerara itzultzeko garaia". "Frogatu denez, txertoa oso tresna eraginkorra da. Balia dezagun normaltasunera itzultzeko", adierazi du.