Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu eta indartu egin du zentro soziosanitarioetan COVID-19aren zaintzarako eta kontrolerako protokoloa.
Egoitza dagoen lurraldearen intzidentzia tasari erreparatu beharko zaio hemendik aurrera; intzidentzia-tasa metatuta 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo hortik gorakoa bada, egoiliarrekin zuzeneko tratua duten langileei baheketa sistematikoko PCR bat egingo zaie; astean behin txertoa hartu gabe dauden langileei eta hamabostean behin txertoa hartuta dutenei.
Gaua egoitzatik kanpo igarotzen duten egoiliarrentzat ere indartu egin dituzte neurriak: egoitzara sartzean proba diagnostikoak pertsona guztiei egingo zaizkie, txertoa hartuta egon edo ez egon. Orain arte, txertoa hartu gabe zutenei bakarrik egiten zitzaizkien.