Hamaika kutsatu zenbatu dituzte bailaran azken orduetan; horietatik bost, Arrasaten

Jone Olabarria 2021ko abu. 24a, 12:45

Arrasaten bost kasu berri hauteman dituzte, hiru Aretxabaletan, bi Bergaran eta bat Antzuolan. Azken orduetako datuekin Debagoieneko intzidentzia-tasak beherantz jarraitzen du, eta 271,56koa da une honetan. Bestetik, Oñatik eta Aramaiok gune laranja utzi dute.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Orain artean 8.939 kutsatu

8.939 dira pandemia hasi zenetik kutsatu diren debagoiendarrak. Azken egunetan datuek apaltzera jo dute –hamar kasu atzeman ziren domekan eta hiru atzo–.

Herrietako intzidentzia-tasek oro har behera egiten dihardute, nahiz eta azken orduetan gorabeheratsu mantendu diren. Hain zuzen, behera egin dute Aramaion, Eskoriatzan eta Oñatin, eta gora, aldiz, Arrasaten eta Bergaran. Eskualdeko mapari dagokionean, Oñatik eta Aramaiok kolore laranja utzi dute eta horira igaro dira. Hala, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga dira gorriz mantentzen diren bakarrak.

Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Azken egunean 505 positibo EAEn

Azken orduetan, 505 lagunek eman dute positibo EAEn; aurreko asteko egun berean baino 136 gutxiago dira. Lurraldeka, 260 kasu erregistratu dira Bizkaian, 178 Gipuzkoan, 60 Araban eta 7 dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Beste modu batera esanda, erkidegoan 6.246 proba diagnostiko egin dira eta %8,1ek eman du emaitza positiboa. 

Erkidegoko intzidentziak ere behera egin du –8,27 puntu–; hala, 426,69koa da. Eta adin-tarteei erreparatuz gero, beheko grafikoan ikusten den bezala, 20 eta 29 urte bitartekoen tasa da altuena –1128,76koa– eta gertutik jarraitzen dio 10 eta 19 urte artekoak –865,02–. Edozein modutan ere, nabarmentzekoa da adin tarte horretako tasa apaltzen ari dela. Bestetik, 70 eta 79 urte arteko herritarrek dute guztietan tasarik baxuena: 157,88koa, hain zuzen ere.

Birsorkuntza tasa, apur bat gora

Oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, 0,01 puntu egin du gora atzotik; 0,88an, hain justu.  Edozein modutan, tasa 1,00etik behera dago oraindik ere –marra gorriaren azpian–; eta, beraz, esan daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.  

Guztira, 50 ospitaleratu berri

EAEko ospitaleei dagokienez, azpimarratzekoa da 50 ospitaleratze izan zirela atzo, joan den asteko martitzenean izandakoak baino bat gehiago. 

Zainketa Intentsiboetako Unitatean, berriz, 79 lagun daude; aurreko egunean baino hiru gutxiago. Plantan daudenak, beraz, 244 lagun dira. 

Nafarroako positiboak, gora

1.633 proba egin ostean, %6,2k eman du emaitza positiboa; hots, 102 lagunek. Gauzak horrela, dagoeneko 80.081 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan hautemandako COVID-19 kasuak. Bestetik, erietxeetan, 87 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik 27 dira ZIUn daudenak, horietatik bat azken orduetan. Gainera, bi pertsona hil dira Nafarroan, koronabirusak jota. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak