Bikoiztu egin dira urtarriletik uztailera bitartean indarkeria matxista salatzeko zerbitzuan jasotako deiak

Jone Olabarria 2021eko abuztuaren 23a

Urteko lehen zazpi hilabeteetan, urtarriletik uztailera bitartean, laguntza eskaerak bikoiztu egin direla azaldu du SATEVIk. Urtarrilean 114 dei jaso zituzten, 170 otsailean eta martxotik aurrera hasi zen bereziki igartzen gorakada; 238 jaso zituzten orduan. Ordutik, eta uztailera arte zifra horren bueltan mantendu da jasotako deien kopurua.

Etxeko indarkeriaren edo sexu erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzuaren (SATEVI) azken txostenaren arabera,  2021eko bigarren hiruhilekoan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen 838 dei jaso ditu zerbitzuak.

Aurreko bi urteetako datuekin alderatuz gero gora egin dute deiek: 2020ko hiruhileko berean 68 dei gutxiago jaso zituzten; eta 2019an, 127 gutxiago. Urteko lehen sei hilabeteetan, urtarriletik –114 dei– uztailera –221– bitartean, laguntza eskaerak bikoiztu egin dira. Martxoan egin zuten bereziki gora; 238 jaso zituzten. Zerbitzuaz baliatu diren emakumeen % 80,14k EAEko biztanleak dira, 41-50 urte artekoak.

Gehienak, bikotekide ohiarenak

Laguntza jaso duten emakumeen % 32,80k 10 urtetik gora daramatzate indarkeria matxista sufritzen. % 35,95ek, aldiz, urtebete eta lau urte bitartean. Biktima gehienek senarraren, bikotekidearen (gizona) edota bikotekide ohiaren erasoak salatu dituzte: % 34,76k bikotekide ohiaren tratu txarrak pairatu dituzte, eta % 22,50ek, senarrarenak.

Emakumeen % 36,06 ezkongabeak dira, eta % 26,85, ezkonduak. Dibortziatutakoak, berriz, % 15,35 dira, eta banatzeko bidean daudenak, % 8,44. Azken kasu horietan, dagoeneko ez dute erasotzailearekin harreman afektiborik, baian bikotekide ohien indarkeria jasaten jarraitzen dute.

Erabiltzaileen erdiek baino gehiagok –% 57, 92– adin txikiko seme alabak dituzte, eta gainerako % 42,08ek ez dute adin txikikorik zaintzen edota seme-alaba helduak dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak