Bailarako intzidentzia-tasa, 300 inguruan
Debagoieneko intzidentzia-tasaren joera beheranzkoa den arren, azken egunean gora egin du –290,08koa izan zen–, eta une honetan 310, 14koa da. Aipatzekoa da joan den eguaztenetik beherakada izan duela, izan ere, 382 an zegoen egun hartan.
Era berean, aldaketa ugari izan dira herrietako intzidentzia-tasetan; zehazki, behera egin dute Aretxabaletan eta Arrasaten, gora aldiz Bergara eta Oñatin. Gainerako herrietan berdin mantendu da intzidentzia-tasa. Hala, Debagoieneko mapak aldaketak izan ditu azken orduetan; Aretxabaletak kolore gorria izateari utzi dio, eta laranjaz dago orain.
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Ia 850 kasu Hego Euskal Herrian
Duela astebete, abuztuaren 12an, ia 1.200 kutsatu baieztatu zituzten Hego Euskal Herrian. Gaur, eguaztena, gutxiago izan dira zenbatutako kasuak: 849, zehazki. Positibotasun-tasei erreparatuta, testen 9,7% ek eman du positibo EAEn –joan den eguaztenean baino %2 gutxiago– eta %8,9k Nafarroan –joan den asteko egun berean %10,7k eman zuen–. Lurraldeka, 414 kasu baieztatu dira Bizkaian, 153 Gipuzkoan, 147 Nafarroan, 119 Araban eta 16 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, EAEren kasuan, azpimarratzekoa da positibo gehienak 20 eta 29 urte arteko gazteen artean hauteman direla. Adin-tarteka erregistratutako azken kasuak daude hurrengo taulan:
- Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.
Intzidentzia-tasei erreparatuta, EAEko tasak behera egiten jarraitzen du. Zehazki, 18,18 puntu egin ditu behera, eta 489,25koa da. Zentzu honetan ere, adierazgarria da gazteei dagokien intzidentzia: 17 eta 18 urte artekoen tasa, adibidez, 1597,97koa da, nahiz eta aurreko astetik behera egin duen nabarmen –2555,77koa zen–.
Honako hau da intzidentzien bilakaera:
Horretaz gain, bigarren egunez jarraian berdin mantendu da R0 datua; 0,89an dago. 1,00etik behera egonez gero, ondoriozta daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.
34 ospitaleratze berri EAEn
Ospitaleetako datuei erreparatuta, azken egunean behera egin du ospitaleratu berrien kopuruak, eta 241 pertsona daude ingresatuta Euskal Autonomia Erkidegoko erietxeetan –atzo baino 16 gutxiago–. Zaintza Intentsiboetako Unitateetan, orotara 105 pertsona daude: 78 EAEn eta 27 Nafarroan.