Astebetez luzatu ditu LABIk egun indarrean diren neurriak

Jone Olabarria 2021ko abu. 18a, 13:26

Osasun sailburuaren esanetan intzidentzia-tasak "altua" izaten jarraitzen du, eta "zuhurrena" astebetez egungo neurriei eustea dela adierazi du, "adierazle guztietan beheranzko joera sendotzeko".

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak zehaztu duenez, intzidentzia-tasa metatuaren bilakaera "positiboa" den arren, "zuhurtziaz" jokatzeko unea da. Hala, pandemiak hedatzen ez jarraitzeko helburuz indarrean dauden neurriak astebetez mantenduko dituztela jakinarazi du Sagarduik, eguerdian egindako prentsa agerraldian.

Ospitaleetako egoerari begira

LABI teknikoaren bileraren ostean jakinarazi dute erabakia. Une honetan, 100.000 biztanleko 507koa intzidentzia metatua EAEn, eta joera beheranzkoa den arren, sailburuaren esanetan "altua" izaten jarraitzen du. Kezkatuta agertu da ospitaleetako egoera "kezkagarria" delako, eta "zuhurrena" neurriak astebetez luzatzea dela adierazi du, "adierazle guztietan beheranzko joera sendotzeko". Gaur egun, Osakidetzan 256 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19rekin eta 75 pertsona ZIUn. 

Era berean, herritarren konpromiso kolektiboari eusteko deia egin du: maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia eta pilaketak saihestea. "Birus honek erakutsi du badakiela edozein zirrikitutatik sartzen eta eraginkortasunez hedatzen; etengabeko prebentzio mentalitatea mantendu behar dugu gure eguneroko jardunean".

Indarrean jarraituko duten neurriak

Ostalaritzak 01:00etan itxi behar du, eta bertan baimendutako gehieneko edukiera % 35koa da. Gizarte, kultura edo kirol ekitaldietako gehieneko pertsona-kopuruak 400koa izaten jarraituko du gehienez barrualdean, eta 600, kanpoaldean. Betiere 1600 lagun baino gehiagoko edukiera duten instalazioen kasuan.

Txikiagoetan aldiz, 1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan, 600 gehienez barrualdean, eta 800, kanpoaldean. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan % 20ko edukiera izango da gehienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak