- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Debagoieneko mapari erreparatuta, intzidentzia-tasa 400etik jaitsi da azken orduetan, eta 382an kokatu da. Hala, eskualdeko mapa kolore gorria galduz doa pixkanaka.
Herririk herri, gorabehera ugari izan dira atzotik. Intzidentzia-tasak behera egin du Oñatin eta Eskoriatzan, eta eremu gorritik laranjara igaro dira biak. Antzuolak ere kolore gorria galdu du; nabarmen egin du behera tasak, eta salto bikoitza egin du zuzenean herri horrek: gune horira pasa da. Elgetan ere izan dira aldaketak, baina intzidentzia-tasa igo egin delako; berdetik horira igaro da herri hori.
Mapako herrietan klik eginez gero, datu eguneratuak daude ikusgai:
- Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Birsorkuntza datua, 1etik aldenduta
Oinarrizko birsorkuntza edo R0 datuak 0,02 puntu egin zituen gora atzo, eta berdin matendu da gaur; 0,88an dago kokatuta, eta horrek esan nahi du kutsatutako pertsona batek batez beste ez duela beste bat kutsatzen; pandemia ez dela hedatzen ari, alegia.
Gipuzkoa, EAEko ondoen
Azken orduetan 927 positibo zenbatu dituzte EAEn, eta intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du; beste 29,50 puntu egin ditu behera azken orduetan, eta, horrenbestez, 603,40koa da.
Lurraldeka, Bizkaiak jarraitzen du izaten tasarik altuena duena (645,75), eta jarraian daude Araba (537,54) eta Gipuzkoa (522,58). Aipatzekoa da bigarren egunez jarraian Arabako tasak zertxobait egin duela gora, eta beraz, aurrea hartu dio Gipuzkoako tasari.
Honako bilakaera izan dute tasek:
Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, orotara, 9.287 proba diagnostiko egin ostean, 1.171 positibo baieztatu dira –927 EAEn eta 244 Nafarroan–. %12,5eko positibotasun-tasa erregistratu da erkidegoan, eta %13,4koa Nafarroan.
Eta ospitaleetan, 429 dira Hego Euskal Herrian ingresatuta dauden herritarrak –333 EAEn eta 96 Nafarroan– eta horietatik 87 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan –64 EAEn eta 23 Nafarroan–. Bestetik, azken orduetan ospitaleratutakoak 59 izan dira EAEko erietxeen sarean, abuztuaren 3tik erregistratu den kopuru altuena.