"Azken asteetan metatutako esperientziaren arabera, ezin dugu alde batera utzi datorren asteburuan eta hurrengo egunetan, abuztuaren 15arekin eta 16arekin bat eginez, Euskadiko udalerri askotan herriko jaiak ospatuko liratekeela. Kasu gehienetan, ez da jai-programarik egongo (ez litzateke programatu behar kontrolatu gabeko pertsona-kopuruak kontzentratzea eragingo lukeen ezer eta prebentzio-neurriak ez betetzeko arriskua dakarrenik); baina kezkatzekoa da, aurreikuspenen arabera, bilkura eta interakzio sozial arriskutsuen areagotzea ekarriko dutela", esan dute Batzorde Teknikotik. Eta gehitu dute asteburu honetan zein bertan behera utzitako udako gainerako jaien egutegian, "berragerraldiak izateko" arriskua dagoela.
Delta aldaera nagusi
Bileraren ostean adierazi dutenez, adierazleek eta bilakaera epidemiologikoak "berretsi" dute joera aldatu egin dela, intzidentzia-tasa metatuari dagokionez. "Hala ere, hobekuntza hori oraindik ez da ikusten uhin honetan garrantzia hartzen duten beste adierazle batzuetan, hala nola ospitaletako eta ZIU oheen okupazioan", aitortu dute.
Bestetik, azaldu dute Delta aldaera dela gaur egun Euskadin gertatzen diren SARS-CoV-2 bidezko infekzioen %90 baino gehiagoren erantzule, "eta kutsagarritasun handiagoak arrisku erantsiak dakartza".
Neurriak, bere horretan
Goizeko bileran orain arte indarrean egon diren neurriak mantentzeko erabakia hartu du LABIk: "Neurriei eutsi behar zaiela, aldaketarik gabe, bi arrazoirengatik: batetik, intzidentzia-tasen jaitsiera oraindik ez da nahikoa, eta ospitaletako okupazioari eta ZIUen oheei buruzko egoera ez da behar dena hobetzen; eta, bestetik, aldi honetan arriskuko interakzio sozialak areagotzeko arriskua oraindik ere handia da, eta kontu handiz ibili behar da".