Osasun Sailak herrietako positibo metatuak doitu ditu; bailaran, bederatzi kasuren aldea dago: Arrasaten (+5), Aretxabaletan (+4), Bergaran (+4), Oñatin (+1), Eskoriatzan (-2), Aramaion (-2) eta Antzuolan (-1). Hala, iazko martxoan pandemia hasi zenetik dagoeneko 8.783 lagun kutsatu ditu gaitzak. Honela daude orain datuak:
Bailarako intzidentzia-tasa, 400 inguruan
Debagoieneko intzidentzia-tasa behera egiten ari da egunez egun, eta 427,40koa da. Aipatzekoa da joan den eguaztenetik beherakada nabarmena izan duela, izan ere, 752,98an zegoen egun hartan.
Era berean, esan behar da azken orduetan herri guztietako intzidentzia-tasek egin dutela behera edo berdin mantendu direla; zehazki, behera egin dute Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin. Hala, Debagoieneko mapak aldaketak izan ditu azken orduetan; Arrasatek kolore gorria izateari utzi dio, eta laranjaz dago orain.
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Ia 1.200 kasu Hego Euskal Herrian
Duela astebete, abuztuaren 4an, ia 1.400 kutsatu baieztatu zituzten Hego Euskal Herrian. Gaur, eguaztena, gutxiago izan dira zenbatutako kasuak: 1.1.94, zehazki. Positibotasun-tasei erreparatuta, testen %11,5ek eman du positibo EAEn –joan den eguazteneko portzentaia bera– eta %10,7k Nafarroan –joan den asteko egun berean %12,6k eman zuen–. Lurraldeka, 532 kasu baieztatu dira Bizkaian, 232 Gipuzkoan, 229 Nafarroan, 171 Araban eta 30 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, EAEren kasuan, azpimarratzekoa da positibo gehienak 20 eta 29 urte arteko gazteen artean hauteman direla. Adin-tarteka erregistratutako azken kasuak daude hurrengo taulan:
- Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.
Intzidentzia-tasei erreparatuta, EAEko tasak behera egiten jarraitzen du. Zehazki, 27,60 puntu egin ditu behera, eta 632,90koa da. Zentzu honetan ere, adierazgarria da gazteei dagokien intzidentzia: 17 eta 18 urte artekoen tasa, adibidez, 2555,77koa da, nahiz eta aurreko astetik behera egin duen nabarmen –4769,29koa zen–. Eta lurraldeei erreparatuta, aipatzekoa da Arabako azken hamalau egunetako intzidentzia-tasak zertxobait egin duela gora atzotik.
Honako hau da intzidentzien bilakaera:
Hamazazpi heriotza EAEn
Abuztuaren 4tik 11ra bitartean hamazazpi lagun zendu dira EAEn COVID-19aren eraginez –aurreko zazpi egunetan baino hiru gehiago–. Bailarara etorrita, berriz, ez da heriotzarik erregistratu.
Horretaz gain, bigarren egunez jarraian berdin mantendu da R0 datua; 0,86an dago. 1,00etik behera egonez gero, ondoriozta daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.
56 ospitaleratze berri EAEn
Ospitaleetako datuei erreparatuta, azken egunetan gora egiten ari da ospitaleratu berrien kopurua, eta 349 pertsona daude ingresatuta Euskal Autonomia Erkidegoko erietxeetan –joan den eguaztenean baino 22 gehiago–. Azpimarratzekoa da atzoko egunean 56 ospitaleratze berri egin zituztela, aurreko eguneko berdinak, hain justu ere. Nafarroan, ostera, 96 dira ingresatuta dauden lagunak.
Zaintza Intentsiboetako Unitateetan, orotara 90 pertsona daude: 67 EAEn eta 23 Nafarroan. Gainera, azken orduetan pertsona bat hil da Nafarroan.