- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Orain artean 8.774 kutsatu
8.774 dira pandemia hasi zenetik kutsatu diren debagoiendarrak. Azken egunetan datuek apaltzera jo dute –hamalau kasu atzeman ziren domekan eta zortzi atzo–.
Bestetik, herrietako intzidentzia-tasek oro har behera egiten dihardute, nahiz eta azken orduetan gorabeheratsu mantendu diren. Hain zuzen, behera egin dute Aretxabaletan, Arrasaten eta Bergaran, eta gora, aldiz, Aramaion, Eskoriatzan eta Oñatin. Azkenik, tasa berdin mantendu da Antzuolan eta Leintz Gatzagan. Edozelan ere, eskualdeko mapak ez du aldaketarik pairatu azken orduetan, eta atzoko berdin matendu da.
Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Ia 700 positibo EAEn
Azken orduetan, 687 lagunek eman dute positibo EAEn; lurraldeka, 393 kasu erregistratu dira Bizkaian, 193 Gipuzkoan, 87 Araban eta hamalau dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Beste modu batera esanda, erkidegoan 7.571 proba diagnostiko egin dira eta %9,1ek eman du emaitza positiboa.
Erkidegoko intzidentziak ere behera egin du –23,32 puntu–; hala, 660,50koa da. Eta adin-tarteei erreparatuz gero, beheko grafikoan ikusten den bezala, 20 eta 29 urte bitartekoen tasa da altuena –1983,33ekoa– eta gertutik jarraitzen dio 10 eta 19 urte artekoak –1510,94–. Edozein modutan ere, nabarmentzekoa da adin tarte horretako tasa apaltzen ari dela, eta aurreko astean ez moduan, dagoeneko 2.000ko langatik behera dago. Bestetik, 70 eta 79 urte arteko herritarrek dute guztietan tasarik baxuena: 183,01koa, hain zuzen ere.
Birsorkuntza tasa, berdin
Oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, berdin matendu da atzotik; 0,86an, hain justu. Azken egunetan behera egin du datu horrek, baina azpimarratu behar da azken bi egunetan apaldu egin dela. Edozein modutan, tasa 1,00etik behera dago oraindik ere –marra gorriaren azpian–; eta, beraz, esan daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.
56 ospitaleratu berri
EAEko ospitaleei dagokienez, azpimarratzekoa da 56 ospitaleratze izan zirela atzo, joan den asteko martitzenean izandako berdinak.
Zainketa Intentsiboetako Unitatean, berriz, 69 lagun daude; aurreko egunean baino bost gehiago. Plantan daudenak, beraz, 270 lagun dira –aurreko astean baino 39 gehiago. Horrenbestez, aste betean dezente egin du gora Osakidetzako ospitaleetan erietxeratuta dauden gaixoen kopuruak.
Nafarroan, 192 positibo
1.645 proba egin ostean, %11,7k eman du emaitza positiboa; hots, 192 lagunek. Gauzak horrela, dagoeneko 77.923 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan hautemandako COVID-19 kasuak. Bestetik, erietxeetan, 97 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik 22 dira ZIUn daudenak. Azken orduetan, gainera, pertsona bat hil da Nafarroan, koronabirusak jota.