Azken hiru egunetan 47 positibo baieztatu dituzte Debagoienean

Maialen Santos 2021ko abu. 9a, 12:45

Asteburuan hamasei kasu zenbatu dituzte Arrasaten, hamar Bergaran, zazpi Oñatin, bost Aretxabaletan, lau Aramaion, hiru Antzuolan eta bi Eskoriatzan. Debagoieneko intzidentzia-tasak nabarmen egin du behera, eta 499,93koa da. Kolore gorritik laranjara igaro da Bergara, eta horitik berdera, aldiz, Elgeta. 

Egubakoitzean egindako probek 25 kasu baieztatu zituzten, zapatukoek hamalau, eta domekakoek, aldiz, zortzi.

Herriak Egubakoitza Zapatua Domeka Guztira
Arrasate 8 6 2 16
Bergara 6 2 2 10
Oñati 5 0 2 7
Aretxabaleta 2 3 0 5
Eskoriatza 1 0 1 2
Antzuola 1 2 0 3
Aramaio 2 1 1 4
Elgeta 0 0 0 0
Leintz Gatzaga 0 0 0 0
GUZTIRA 25 14 8 47

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

EAEko intzidentziak, behera

Azken egunetan Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasak behera egiten jarraitu du. Zehazki, azken egunean 16,37 puntu egin ditu behera, eta 700eko langatik jaitsi da; 683,82koa da. Lurraldeei erreparatuz gero, joan den astelehenarekin alderatuta behera egin dute nabarmen Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako tasek. 

Atzo hautemandako kasu berriei dagokienez, 5.323 probatatik %10,9k eman zuen positibo; 582k, hain zuzen ere. Bigarren astez jarraian positibotasunak behera egin du, eta horren erakusle da asteetako batez bestekoak adierazten dituen grafiko hau:

Positiboak lurraldeka banatuz gero, 313 baieztatu dira Bizkaian, 172 Gipuzkoan, 78 Araban eta 19 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, adinka banatutako zenbatekoak dira hurrengoak; lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.

Birsorkuntza datuak, gora

Asteburuan zertxobait igo da –0,02 puntu– oinarrizko birsorkuntza datua: 0,86ekoa da. 1etik beherakoa da edozelan ere, eta horrek esan nahi du kutsatutako pertsona batek, batez beste, ez duela beste inor kutsatzen. Hortaz, pandemiak atzoko egunez, behintzat, ez zuen hedatzen jarraitu. 

351 pertsona erietxeratuta

EAEko ospitaleetako okupazioak nabarmen egin du gora azken astean: guztira, 351 pertsona daude ingresatuta –aurreko astean baino 52 gehiago– eta horietatik 66 daude ZIUn –duela zazpi egun baino sei gehiago–. Hala, plantan daudenak 285 dira momentu honetan. Bestetik, atzo 30 pertsona ospitaleratu zituzten.

Nafarroan, 200 kasutik behera

1.433 proba egin ostean, 191 positibo hauteman dituzte Nafarroan; positibotasun-tasa %13,3koa izan da, alegia. Ospitaleetan, 108 lagun daude ingresatuta eta horietatik hogei dira Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak