"Perspektiba makroekonomikoak hobeak izan direnez, gorantz zuzendu dira aurreikuspenik berrienak. Halere, ingurune ekonomikoak erasanda jarraitzen du. Tasen kurbek maila ultrabaxuetan jarraitzen dute, eta finantza-erakundeek egiturazko aldagai horrekin bizitzen ikasi behar izan dute", esan dute Laboral Kutxatik.
Komisioen bilakaera positiboa
Interesen marjina 122,5 milioi eurokoa da; hots, %1,2 jaitsi da, euriborrak hipoteken zorroan izan duen bilakaeraren ondorioz. Bestalde, suspertze ekonomiko hasiberriak banku-zerbitzuen eskaera handitzea eragin du, eta, ondorioz, komisioek bilakaera positiboa izatea: %12,5 hazi dira. Ordainbideen ekarpena %10 inguru handitu da, eta bezero aurreztaileei emandako inbertsio-zerbitzuak, %19.
Bestetik, berankortasuna %3,03raino jaitsi da urtarriletik ekainera bitartean, "eta hori kopuru oso ona da sektorearen batezbestekoarekin alderatuta, maiatza ixtean % 4,48koa baitzen".
Kaudimenaren alorrean "liderra" izaten jarraitzen du Laboral Kutxak. Azaldu dutenez, entitatearen guztizko kaudimen-ratioa bat dator kapitalaren CET1 ratioarekin —kategoria goreneko baliabideak soilik hartzen ditu horrek kontuan—. Bi neurriak %19,99koak dira, lehen seihileko honetan sortutako emaitzak zenbatu gabe. Likideziari dagokionez, %63,45ekoa da LTD (Loans to Deposits) ratioak neurtutako gordailuen gaineko kredituen ehunekoa.
Bezeroen baliabideek, hazkundea
Laboral Kutxako bezeroen baliabideak 27.568 milioi eurokoak direla esan dute, eta 1.422 milioi euro igo dira 2021eko urtearen lehen erdian; horrek esan nahi du %5,4ko hazkundea izan dela.
"Horretaz gain, 2021eko lehen seihilekoan berretsi egin da aurreko ekitaldian kreditu inbertsioaren bilakaerari dagokionez hautemandako joera-aldaketa", diote. Partikularren eta enpresen formalizazio berriek gainditu egin dute amortizazioen bolumena, eta, orotara, kredituen saldo biziak %4ko hazkunde garbia izan du ekainaren 30era arte: 14.952 milioi eurora iritsi da.
Bestetik, merkataritzaren atalean, enpresentzako kredituen saldoek hazten jarraitu dute, "urtetik urtera %12ko igoerara iritsi arte".
2021eko lehen seihilekoan, aseguruen atalak 25,3 milioi euroko emaitzak lortu ditu, 2020ko ekainean baino %16 gehiago. Urteko lehen seihilekoko primak 96,1 milioi eurokoak dira, aurreko urtean baino %2,4 handiagoak: "Bilakaera positibo horrentzat mesedegarriak izan dira etxe-aseguruen primei eman zaien bultzada eta bizitza arrisku indibidualeko primak".