Gipuzkoan sektore horretan diharduten 447 ETE zein autonomo –guztira 1.710 langile batzen dituztenak– izango dira onuradun. Deialdiaren ordainketa datozen egunetan gauzatzea espero dute esan dute Aldunditik, "dagokion foru agindua onetsi ondoren".
Laguntzak Gipuzkoako Ekonomia Indartuz sarearen laguntza eta eraldaketa planaren barnean daude, eta Gipuzkoako turismo sektoreko balio kate osoko autonomoei, mikroenpresei zein enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude. Hala, hartzaileen artean daude 152 hotel, 108 nekazaritza-turismo establezimendu eta landetxe, 62 bitartekaritza enpresa –bidaia agentziak, erreserba zentralak, operadoreak…–, 47 gida turistiko, 30 apartamentu turistiko, turismo aktiboko 26 enpresa, 11 aterpetxe, erabilera turistikoko 7 etxebizitza eta 4 kanpin.
Dirulaguntza horiek jasotzeko baldintza da negozio zifraren zenbateko garbia gutxienez %40 murriztu izana 2020an, aurreko urteko datuekin alderatuta, urte horretan jarduera hasi zuten enpresak badira izan ezik.
Langile kopuruaren araberakoa
Establezimenduan edo lantokian dauden langileen kopuruaren arabera zehaztu da dirulaguntzaren zenbatekoa: 2.248,48 euroren –langile bat dutenak– eta 6.295,73 euroren –8 langile edo gehiago dituztenak– artekoa da.
Dirulaguntza horiek bateragarriak dira Estatuak edo beste maila instituzional batzuek ematen dituztenekin. Balio kate turistikoko jarduera profesional guztiak kontuan hartzeaz gain, lehentasuna izan da dirulaguntza horiek ahalik eta azkarren eta arinen izapidetzea, eta, horretarako, lehiarik gabeko konkurrentzia erregimenaren bidez emango dira.