Hamasei positibo berri, baina herri guztietako intzidentzia-tasek behera

Maialen Santos 2021ko abu. 5a, 13:13

Zazpi positibo zenbatu dituzte Arrasaten, bost Aretxabaletan, eta bina Bergaran eta Eskoriatzan. Oñatin ez zen inor kutsatu atzo, eta aipatzekoa da uztailaren 7a izan zela kutsaturik bariko azken eguna. Bestetik, herri guztietako intzidentzia-tasa jaitsi da atzotik; eta beraz, eskualdeko tasa orokorrak ere beherakada izan du; 700tik jaitsi da, eta 649,60koa da. 

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentziei erreparatuta, herri guztietako tasek egin dute behera atzotik, nahiz eta bailarako mapak ia erabat gorri jarraitzen duen; Leintz Gatzaga da salbuespen bakarra. Edozelan ere, aipatzekoa da Bergara eta Elgetako intzidentziak direla baxuenak –458,90koa eta 442,09koa, hurrenez hurren–, eta beraz, joera mantenduz gero laister irtengo dira eremu gorritik –400ndik behera daudenean–. Eskualdeko tasa orokorra 649,60koa da.

Mapako herrietan klik eginez gero, datu eguneratuak daude ikusgai:

  • Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Birsorkuntza datua beheranzko joeran

Oinarrizko birsorkuntza edo R0 datuak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Hain zuzen, 0,03 puntu egin ditu behera, eta beraz, 0,83an kokatu da. Horrek esan nahi du kutsatutako pertsona batek batez beste ez duela beste bat kutsatzen, eta hortaz, atzoko egunez behintzat, pandemia ez zela hedatu.

Intzidentzia-tasa, 800etik behera

Azken orduetan 1.102 positibo zenbatu dituzte EAEn, baina intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du. Ildo horretatik, aipatzekoa da 800eko langatik behera jaitsi dela azken orduetan, izan ere, 785,42ekoa da.

Lurraldeka, Bizkaia da tasarik altuena duena (847,66), eta jarraian daude Gipuzkoa (709,55) eta Araba (616,58).

Honako bilakaera izan dute tasek:

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, orotara, 11.147 proba diagnostiko egin ostean, 1.383 positibo baieztatu dira. %12,2ko positibotasun-tasa erregistratu da EAEn eta %13,2koa Nafarroan.

Eta ospitaleetan, 422 dira Hego Euskal Herrian ingresatuta dauden herritarrak –326 EAEn eta 96 Nafarroan– eta horietatik 83 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan –61 EAEn eta 22 Nafarroan–. Bestetik, azken orduetan ospitaleratutakoak 56 izan dira EAEko erietxeen sarean –duela bi eguneko kopuru bera–, eta Nafarroan, berriz, lau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak