Lehen sektorera milioi bat euroko dirulaguntzak bideratuko ditu Aldundiak

Maialen Santos 2021ko abu. 5a, 09:57

COVID-19aren krisia dela-eta onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzeneko laguntzak ematea nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari, eta berritasuna da behi azienda dutenek ere eskatu ahal izango dutela. Iragarri dutenez, milioi bat euro bideratuko dituzte "gehien kaltetutako azpisektoreei" laguntzera.

Zehazki, jarduera hauek baliatu ahal izango dute ohiz kanpoko deialdia: behi azienda (haragitarakoa, esnetarakoa), ardi eta ahuntz aziendak, sagardoaren elaborazioa, txakolinaren elaborazioa, eta behi azienda suharra.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak zera azpimarratu du: "Arindu nahi ditugu bai krisiaren eragina bai azpisektore horietako ustiategi asko jasaten ari diren zailtasunak, lanean jarrai dezaten lagunduz, eta horrela, eutsi diezaieten Gipuzkoako landa ingurunearen jarduera ekonomikoari, enpleguari eta dinamismoari".

Biziraupena errazteko helburua

Krisiak lehen sektorean izan duen eragina gorabeheratsua izan da; izan ere, azpisektore batzuek jarduerari eutsi ahal izan diote, eta beste batzuei, berriz, goian aipatutakoei bezala, «gehiago eragin» die geldialdi ekonomikoak eta eskariaren krisiak. «Eragina bereziki nabarmena izan da jarduera horietan, eta kalte ekonomiko nabarmenak eragin dizkie jarduera horietan aritzen diren autonomoei eta ETEei. Plan horrekin lehen sektorearen biziraupena erraztu nahi dugu. Izan ere, krisi honek utzi digun ikasbideetako bat da oso garrantzitsua dela lurraldean lehen sektore sendo eta dinamiko bat izatea», azaldu du. Laguntzen gehieneko zenbatekoa 7.500 euro da onuradun eta azpisektore bakoitzeko.

Eskaerak, irailaren 17ra arte

Eskaerak, erantsi beharreko gainerako dokumentazioarekin batera, internet bidez aurkeztu beharko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez https://egoitza.gipuzkoa.eus, dirulaguntzen atarira sartuz sinadura elektronikoaren edo pasahitz operatiboa erabilita, horretarako eskuragarri dagoen berariazko formularioa erabiliz. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta irailaren 17an amaituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak