Asteburuan 68 kasu erregistratu dituzte Debagoienean

Maialen Santos 2021ko abu. 2a, 12:30

Azken hiru egunetan 68 kasu berri erregistratu dituzte bailaran: 27 Arrasaten, hamasei Bergaran, hamarna Aretxabaletan eta Oñatin, bina Eskoriatzan eta Antzuolan eta bakarra Aramaion. Intzidentzia-tasek gorabeherak izan dituzte herriaren arabera.

Egubakoitzean egindako probek 30 kasu baieztatu zituzten, eta zapatu eta domekakoek, aldiz, hemeretzi egun bakoitzean. 

Herriak Egubakoitza Zapatua Domeka Guztira
Arrasate 13 5 19 27
Bergara 5 6 5 16
Oñati 3 3 4 10
Aretxabaleta 6 3 1 10
Eskoriatza 2 0 0 2
Antzuola 0 2 0 2
Aramaio 1 0 0 1
Elgeta 0 0 0 0
Leintz Gatzaga 0 0 0 0
GUZTIRA 30 19 19 68

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

EAEko intzidentziak, behera

Azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasak 11,05 puntu egin ditu behera, nahiz eta 800etik gora jarraitzen duen oraindik ere; 858,29koa da, zehazki. Lurraldeei erreparatuz gero, joan den astelehenarekin alderatuta gora egin du nabarmen Bizkaiko tasak, behera egin du, ostera, Gipuzkoakoak eta antzera mantendu da Arabakoa. 

Atzo hautemandako kasu berriei dagokienez, 7.280 probatatik %10,5ek eman zuen positibo; 767k, hain zuzen ere. Azken astean, oro har, positibotasunak behera egin du, eta horren erakusle da asteetako batez bestekoak adierazten dituen grafiko hau:

Positiboak lurraldeka banatuz gero, 457 baieztatu dira Bizkaian, 200 Gipuzkoan, 95 Araban eta 15 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, adinka banatutako zenbatekoak dira hurrengoak; lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.

Birsorkuntza datuak, behera

Asteburuan zertxobait jaitsi da oinarrizko birsorkuntza datua: 0,90ekoa da. 1etik beherakoa da edozelan ere, eta horrek esan nahi du kutsatutako pertsona batek, batez beste, ez duela beste inor kutsatzen. Hortaz, pandemiak atzoko egunez, behintzat, ez zuen hedatzen jarraitu. 

299 pertsona erietxeratuta

EAEko ospitaleetako okupazioak gora egin du: guztira, 299 pertsona daude ingresatuta –aurreko astean baino hamasei gehiago– eta horietatik 60 daude ZIUn –duela zazpi egun baino lau gehiago–. Hala, plantan daudenak 239 dira momentu honetan. Bestetik, atzo 33 pertsona ospitaleratu zituzten.

Nafarroan, 280 kasu

1.934 proba egin ostean, 280 positibo hauteman dituzte Nafarroan; positibotasun-tasa %14,5koa izan da, alegia. Ospitaleetan, 123 lagun daude ingresatuta eta horietatik hogei dira Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak. Bestetik, atzo pertsona bat zendu zen koronabirusak jota. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak