2021eko ekaineko indizearen bilakaerak, 2020ko ekainaren aldean, zantzu positiboak izan ditu, industria-sektore handi guztietan. Igoera handiena tarteko ondasunek izan dute, % 19,5 egin baitute gora; haien artean daude metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.
Kontsumo-ondasunek, oro har, % 17,0ko urte arteko gorakada izan dute, kontsumo-ondasun iraunkorren % 39,9ko gorakadaren eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 12,0ko gorakadaren ondorioz. Kontsumo-ondasun iraunkorren epigrafean altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioaren jarduerak daude. Honako hauek dira, besteak beste, kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruan sartzen diren jarduerak: elikagaien fabrikazioa, prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta arropen jantzigintza.
Bestalde, ekipo-ondasunek % 6,1eko gorakada izan dute; alegia, motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza.
Azkenik, energiak % 5,9 egin du gora, urte arteko terminoetan, 2021eko ekainean.
Lurraldeka ere bilakaera positiboa
Ekainean, industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan. Hala, Gipuzkoan % 18,5eko gorakada egon da; Bizkaian industria-produkzioa 2021eko ekainean 2020ko ekainean baino % 16,6 handiagoa izan da, eta, azkenik, Araban, urte arteko aldakuntza % 0,2koa izan da. 2021eko lehen bost hiletako metatuan, Gipuzkoa izan da gehien hazi dena (% 17,3), ondoren Araba (% 13,0) eta, azkenik, Bizkaia (% 11,0).