Hobekik alegazioak egin dizkio Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako planari

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 30a, 09:54

Maiatzaren 12an aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Plana. Denbora honetan, baina, Hobeki Elkarteak EAEko udalen artean deialdi ireki bat egin du, planari ekarpenak egiteko. Guztira, bederatzi alegazio eta hainbat eskaera egin dituzte.

Planaren "indarguneak azpimarratu" eta "hutsuneak betetzeko" helburuz, lau saio egin dituzte hainbat ingurumen teknikari eta udal ordezkarik. "Gure xede nagusia da hondakinen kudeaketa eredugarriak sustatzea. Baita norabide horretan, Euskal Herriko udalak lagundu eta babestea ere", azpimarratu du Hobekik Hondakinen Kudeaketa Hobetzeko Euskal Herriko toki erakundeen Elkarteak.

Saioetatik ateratako bederatzi alegazioak honako hauek dira: planean agertzen diren helburuak zein puntutaraino diren arau-emaileak eta lotesleak zehaztea; planak bere baitan jaso ditzala indarrean dauden legedi eta araudiek ezarritako edukiak, eta berma dezala eduki horiek bat datozela mota honetako plan batek jarraitu behar dituen araudietan finkatutako ildoekin; bermatu dadila Aarhuseko hitzarmenean markatutako parte-hartze prozesua; planak jaso dezala udalek hiri-hondakinak kudeatzeko duten berezko eskumena; aurkez daitezela kronologikoki garatuta egongo diren aurrekontuak, diru kopuru horien partida zehatzagoak definituz, erabilpena zehaztuz eta antolaketa definituago bat adieraziz; planaren jarraipena zehaztu dadila; bio-hondakinak kudeatzeko hainbat neurri plan honen barnean sartu daitezela; eta bukatzeko, funtsezko jardueretan topatu diren hainbat hutsune zuzendu eta hobetzeko ondoko proposamenak zehaztu ditu Hobekik.

Bestetik, alegazioez gain, hainbat eskaera batu dituzte; hala nola, pixoihalak birziklatzeko aukera ezartzea, SDDR sistemak RAEEentzat ere aurreikustea, fluxu espezifikoetan (gurpilak, metala, etab.) zirkulartasuna bultzatzeko neurriak sustatzea, edota planak Ekonomia Zirkularraren EAEko Planarekin nola bat egingo duen zehaztea.

Eskaerak EAEko udal guztien esku jarri ditu Hobekik, azaldu duenez, udal bakoitzak alegazioak "bere erara moldatzeko aukera" izan dezan. Alegazioak aurkezteko aukera abuztuaren 17ra arte dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak