Urtarrilean jarri zen abian Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa, eta hilabete hauetan partaidetza zabala izan ostean, gaur aurkeztu dute plan estrategikoa. Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak azaldu duenez, azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza planak adostu dira: "Gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz. Bide horretan, ekimen hau ere bultzada bat izango da".
Plan estrategikoak bost ardatz nagusi ditu: gobernantza, azpiegiturak eta zerbitzuak, etorkizuna, sarearen dinamizazioa eta komunikazioa. Azaldu dutenez, ardatz bakoitzaren lan ildoak ere definitu dituzte; hala nola, mahaien osaketa, azpiegituren eguneraketa, digitalizazio proiektuak eta promozio ekintzak.