Gipuzkoako herrietako azokak "aztertu, indartu eta hauen etorkizuna bermatzeko" helburuarekin, Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa jarri dute martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Landa Garapen Elkarteek eta Elika Fundazioak. Gainera, Elhuyar, Eurogap eta Ikertalderen babesa ere izango dute, azoka bakoitzaren erronkak eta ekintza planak adosteko. Guztira, hamasei udalerrik hartuko dute parte; tartean, Arrasatek, Bergarak eta Oñatik.
Europako ekoizleen joerari jarraituz, "elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa" jarri dute jomugan, eta dagoeneko hasi dira lehenengo urratsak ematen. Asteazken honetan, bilera telematikoa egin dute bultzatzaile eta kide izango diren eragile guztiek, eta egitasmoaren aurkezpen ofiziala egiteaz gain, helburuak eta ekarpenak partekatu dituzte.