Industrialdeen, auzo berrien, naturaguneen, parkeen edota udal-mendien leku-izenei buruzko aholkuak ematea da Jaurlaritzak eta Eudelek sinatu berri duten hitzarmenaren funtsa. Horrez gain, lurralde-esparruko toponimiaren azterketa egiteko jarraibideak ere emango dizkie Euskaltzaindiak Udalei.
Euskaltzaindia izango da sortuko duten datu-basearen egilea, eta horren jabetza intelektual osoa berea izango da. Nolanahi ere, Euskararen Akademiak datu-basea kontsultatzeko sarbide zuzena bermatu beharko dio Eudeli, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu.
Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, etorkizuneko erronkak bideratzeko "oinarri sendoak" ezarri dira hitzarmen berriarekin: "Premia berriei erantzuna emango zaie, gero eta zeresana eta zeregin handiagoa baitauka euskarak udal eskumenetan, hur-hurreko bizitza euskalduna bermatzeko herritar guztiei".
Eskuliburua ere, berrituta
Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak eskuliburuaren berrargitalpena ere aurkeztu dute gaur. 2019an aurkeztu zuen lehenengoz Euskaltzaindiak, eta bertan, kale-izenetarako emandako irizpideak agertzen dira; izen horiek eguneratzeko, osatzeko eta xeheago deskribatuta berridazteko baliagarri direnak.