Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektua onartu da gaur, eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, "urrats garrantzitsua" izango da etorkizunerako: "Iraganari begiratzen dio, baina, batez ere, Euskadiren etorkizunari. Etorkizuna oroimenez, egia baita justiziarako bermerik onena. Eta oroimena, egia, justizia eta ez errepikatzea guztion ondare demokratikoa dira".
Artolazabalek gehitu du bi helburu dituela legeak. Alde batetik, 36ko gerraren eta diktadura frankistaren biktimen memoria, aitortza eta erreparazioa sustatzea; eta, bestetik, printzipio eta balio etiko eta demokratikoak sustatzea. "Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektuak egiarako eskubidea jasotzen du, gizarte osoak eta, bereziki, biktimek Gerra Zibilean eta diktaduran gertatutakoa ezagutzeko duen eskubidea jasotzen du", dio sailburuak.
Bizikidetza, aniztasun politikoa, giza eskubideen defentsa, bakearen kultura eta gizonen eta emakumeen berdintasuna, dira, besteak beste, proiektuaren bidez landu nahi diren balioak. Horretarako, besteak beste, Gogora institutuarekin jardungo dute elkarlanean.
Arau-hausteei, isunak
Lege-aurreproiektuak zehapen-araubideari buruzko atal bat ere badu; bertan, arau-hauste arin, larri edo oso larriei ezarritako isunak ageri dira. Esaterako, arau-hauste oso larritzat jotzen dira, 36ko gerrako biktimen hobiak suntsitzea, eta egia ikertzeko eta ezagutzeko garrantzitsuak diren dokumentuak suntsitzea eta ezkutatzea. Hala, 10.000tik 150.000 eurora bitarteko isunak ezar litezke kasu horietan.
Memoria historikoa berreskuratzeko, laguntzak
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bidez, 137.500 euroko laguntza emango die EAEko toki-erakundeei memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egin ditzaten.
Dirulaguntzak irailaren 8ko EHAAn argitaratuko dira, eta erakunde interesdunek hilabete izango dute euren eskabideak aurkezteko.