Madrilgo Gobernuak 1.800 eta 480 milioi euroko kontratuak adostu ditu Pfizer eta Moderna botika-etxeekin, 2022 eta 2023rako. Dariasek aurreratu duenez, "immunitatea indartzea" izango da dosi horien helburua; halere, ministroaren arabera, orain, herritar guztien txertaketa-prozesua amaitzea da lehentasuna.
Bestetik, urtero txertatzeko beharra egongo dela baieztatu du Dariasek: "Zalantzarik gabe biztanleriak urtero hartu beharko du txertoa".
Hirugarren dosiaren eragina, ikertzen
Hirugarren dosiak izan ditzakeen eraginak aztertzen ari dira, eta dagoeneko Pfizerrek eman du lehenengo pausoa; hilabete honetan, beste dosi bat baimentzeko eskaria egin dio FDA agentziari. Botika-etxekoen arabera, bigarren dosia jarri eta sei hilabetera beste bat jartzen bada, antigorputzak bost-hamar bider areagotzen dira.