Rafa Axpe: "Olinpiar Jokoetan arlo psikologikoak du pisu gehien"

Xabier Urtzelai 2021ko uzt. 23a, 19:00

Nahiz eta txapelketa batzuk hasi dituzten, ofizialki gaur, egubakoitza, emango diete hasiera 2020ko Olinpiar Jokoei. Tartean, 30 euskal kirolari izango dira, baina, 2016an Rion gertatu moduan, oraingoan ere ez da debagoiendarrik egongo –2012an Maider Undak brontzea irabazi zuen–. Kirol dema hastear den honetan, Rafa Axpek (Aramaio, 1954) ondo daki kirolariek nerbioak dantzari izango dituztela. Esperientziarik egiten du berba, birritan izan zen-eta kirolari olinpiko.

Zelan iritsi zinen tiratzaile olinpiko izatera?

Alde batetik, gaztetan ehizan egitea gustatzen zitzaidan asko. Eta beste aldetik, tiro olinpikoa egiteko orduan sekulako zaletasuna zegoen. Sasoi hartan herri guztietan egoten ziren mini-fosoak –tiroa praktikatzeko guneak– eta txapelketak ere han eta hemen antolatzen zituzten. Gogoan dut Azkoitira joaten ginela asko, han bazen tiro-eremu bat. Euskadiko Kopa, Euskadiko Txapelketa eta halakoak jokatzen genituen han, baita Ulian ere, Donostian. Bada, gogoan dut hilabete gutxian sekulako aurrerapausoa eman nuela, nik espero barik txapelketak irabazten hasi nintzen. Euskadiko Kopan, esaterako, 100 tirotan ez nuen kalerik egin, 100etik 100 jo nituen, eta denboraldi amaieran Azkoitian egin zuten Espainiako Kopako proba ere irabazi egin nuen. Horri esker hautatzailearen deia jaso nuen eta Espainiako selekzioan sartu nintzen lehenengoz [1986].

Selekzioan jarduteak ez zizun presioa handitu, orduan etorri ziren emaitza hobeak.

Errege Kopa irabazi nuen jarraian, Espainiako Kopan 200eko tiradan 199tan asmatu nuen... Nik ere ez nuen sinisten.

Eta nazioarteko probak etorri ziren jarraian.

Munduko kopak, munduko txapelketak –Australian taldeka bigarren egin zuten 1987an–, Europakoak... 1986an aukeratu ninduten selekziorako eta bi urte nituen Seulgo Olinpiar Jokoak prestatzeko. Bada, selekzioko hiru kideok lortu genuen Seulgo Jokoetarako txartela. Han konturatu nintzen ze zaila den halako torneo batean onena ematea, alde guztietatik azaltzen da presioa. Oso gutxigatik ez nintzen finalerako sailkatu, eta hamaikagarren amaitu nuen.

Rafa Axpe: "Munduko txapelketan, Australian, Espainiako selekzioarekin bigarren sailkatu ginen eta lorpen handia izan zen hura"

Seulen Bartzelonan baino emaitza hobea lortu zenuen, baina 'Bartzelona 92' oso berezia izan zen.

Olinpiar Joko haiek sekulakoak izan ziren, Espainiak dirutza gastatu zuen eta emaitzak ere halakoak izan ziren, domina mordoa [22] eskuratu zituen Espainiak. Gogoan dut olinpiar hirian egoten zen giro ederra, kirolari mordoa batzen ginen han, baina, zoritxarrez, gu lotara kanpoaldean zegoen hotel batera bideratu gintuzten. Han ez zegoen giro berbera, baina lasaiago egongo ginela esan ziguten [Barre]. Pena izan zen txapelketan ez nintzela nire mailan egon, inoiz baino hobeto nengoelako, txurroak bezala apurtzen nituen platerak. Baina txapelketa txarra egin nuen; batek daki, tentsioa, presioa... Ez nintzen nire mailan ibili [33. postuan sailkatu zen]. Horregatik, ondo dakit Olinpiar Jokoetan kirolariaren arlo psikologikoak ze garrantzi duen, hori da egunotan gehien zaindu beharko dutena, gainontzeko lanak aurretik eginda dituztelako. Gu ibiltzen ginen arnasketa ariketak eta halakoak egiten, ez duzu imajinatzen lasai egoteko ze garrantzitsua den arnasketa teknika ondo dominatzea, baina... Egun haietan ez zen nahikoa izan, presioak gainditu egin ninduen.

Bada, pandemia tartean dagoen honetan, koronabirus kontuek ez dute lagunduko kirolarien lasaitasunean...

Uf, beldurrak jota egongo dira, urte askotako lana pikutara joan daiteke positibo batengatik edo gertuko kontaktua zarelako. Ez dut pentsatu ere egin nahi zelan egongo den bat baino gehiago, eta kirolarien artean azalduko dira positibo kasuak, seguru. Eta, horrekin batera, entzun dudanagatik oso neurri zorrotzak jarri dituzte, kirolariek ezin dute ezer egin atseden egunetan, ezin dira olinpiar hiritik irten, jendearekin hartu-emana izan... Horrek ere ez die lagunduko, eta baldintza horietan han barruan egotea...

Bartzelonako Jokoetan zure mailan ibili ez izanak eragina izan zuen zugan?

Motibazioan behera egin nuen; izan ere, selekzioarekin ibiltzeak desgaste handia zuen. Pentsa, urtean hiru hilabete egiten genituen txapelketaz txapelketa, eta hori gero lanean errekuperatu egin behar zen! Selekzioa ere segituan utzi nuen, hautatzailea aldatu zuten eta haren semeari ere lekua egin behar zioten [Barre]. Denbora batera Andorran antolatzen zituzten txapelketei esker errekuperatu nuen ostera ere motibazioa, sari ederrak ekarri izan ditut handik.

Rafa Axpe, erretratu zaharrean.

Zeure alaba Maialenen ametsa birritan bizi izan duzu zuk. Hura ere gogor dabil lanean egunen batean halako esperientzia bat bizi ahal izateko [Rafaren alaba Maialen Axpe Espainiako txapeldun izan berri da pertika-saltoan].

Maialenek amets hori betetzeko egiten dabilen lanak ez dauka kolorerik bere egunean guk egin genuenarekin. Maialenen dedikazioa %100ekoa da, egunero-egunero entrenatzen da, gorputza zaindu, landu... Guk ordu mordoa eskaintzen genizkion tiro olinpikoari, baina ez da gauza bera. Pena da orkatilako lesioarekin izan duen zorte txarra, pertika-saltoan oso zaila da Olinpiar Jokoetarako sailkatzea, gutxieneko marka oso zorrotza da [4,70eko marka eskatu dute, eta Axpek 4,50 dauka], baina lesioak aukera guztiak ezerezean utzi zizkion. Nire ustez, bizimodu oso gogorra da, oso.

Diozu alabak zuk baino lan handiagoa egin duela, hortaz.

Ez izan inongo zalantzarik.

Aita eta alaba, biak Olinpiar Jokoetan egotea ez litzateke marka txarra izango.

[Barre] Pentsa... egin izan dugu halako kontuez berba, munduaren beste puntara joango nintzateke alaba Olinpiar Joko batzuetan parte hartzen ikustearren.

"Lehen, urtean 15.000 tiro egiten genituen gehienez, orain 40.000 tiro botatzen dituzte"

Egun tiro olinpikoan dabiltzanek garai batekoek baino lan handiagoa egiten dute?

Asko aldatu da dena, eta profesionalizatu egin dira gauza asko. Espainian bada emakumezko tiratzaile bat [Fatima Galvez] oso ona dena, eta badakit datozen hamar urteetarako izugarrizko kontratu ona sinatu duela babesleekin. Guk halako bat harrapatu izan bagenu! [Barre] Bestalde, sasoi hartan bagenuen gure plangintza, baina ez ginen gaur egungoak beste entrenatzen. Eta ez entrenatzerik ez genuelako nahi, gauzak beste modu batera egiten genituelako baizik. Ez ginen horrenbeste matxakatzen. Nik urtean 15.000 tiro egiten nituen gehienez eta badakit gaur egungoek 40.000 tiro botatzen dituztela urtean.

Alde handia da hori.

Sekulakoa, 40.000 tiro egiteko denbora behar da gero! Eta horrek beste gauza batzuk ere ekarri ditu. Hau da, guk sena erabiltzen genuen gehiago, punteria, erreflexu onak. Gaur egun, askok automatizatuta dituzte keinu guztiak. Platera hiru norabidetan irten daiteke, eta eurek hiru puntu horien erreferentzialtasuna oso garbi daukate; alde horretatik, oso automatak dira. Baina haize egunetan larri ibiltzen dira [Barre].

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak