- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Intzidentziek gora egin dute oraingoan ere, eta laranjaz markatuta geratzen ziren bi udalerriak –Aretxabaleta eta Bergara– eremu gorrira igaro dira. Hala, 705,15eko tasa-metatuarekin, erabat gorri dago eskualdea. Herri guztiek 400etik gorako intzidentzia izan zuten azkenengo aldia 2020ko azaroaren azken asteburuan izan zen.
Mapako herrietan klik eginez gero, datu eguneratuak daude ikusgai:
- Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
EAEn 1.801 kasu
Herenegun EAEk pandemiako daturik altuena erregistratu zuela zioten atzo emandako datuek (1.583 kasu baieztatu ziren); gaurkoek erakusten dutenez, baina, gainditu egin da ezarrita zegoen langa: guztira, 1.801 positibo atzeman dira azken orduetan –aurreko egunean baino 218 gehiago–. Hala, azken bi egunetan hautsi egin dira orain arteko markak.
Zenbatekoak lurraldeka aztertuz gero, azpimarratzekoa da Bizkaia: 1.078 positibo atzeman dira bertan. Gipuzkoakoak, berriz, 482 izan dira eta Arabakoak 204. Bestetik, erkidegotik kanpo erroldatutakoen artean hautemandakoak 37 izan dira. Hala, honakoak dira intzidentziak hiru lurraldeetan:
EAEko batez besteko intzidentziari dagokionez, 52,37 puntu egin ditu gora, eta 682,64ra igo da. Intzidentziak adin-tartearen arabera adierazten dituen grafikoa argitaratu du Osasun Sailak ohi bezala, eta nabarmentzekoa da gazteenen artean tasak duen bilakaera:
Ospitaleetako azken berriei dagokienez, 29 lagun ingresatu zituzten atzo EAEn, eta guztira 220 lagun daude erietxeetan; horietatik 48 daude ZIUn –aurreko egunean baino hiru pertsona gehiago–. Debagoieneko ospitalean berriz, bi pertsona daude ingresatuta.
Nafarroan, %13,6ko positibotasuna
3.184 probatatik 434k eman dute emaitza positiboa Nafarroan; hots, %13,6k. Bestetik, 72 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik hamabi dira ZIUn daudenak. Bestalde, bederatzi dira atzo erregistratutako ospitaleratzeak.